Azpiegiturak

BECeko Bizkaia Arenaren kudeaketa pribatizatzeko negoziazioak hasi dituzte

Erakustazoka defendatu du Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak, ekonomiari 600 milioi euro gehitu dizkiola argudiatuta.

Ivan Santamaria.
2013ko ekainaren 26a
15:39
Entzun

Bizkaia Arenaren kudeaketa adjudikatu eta esku pribatuetan uzteko negoziazioak martxan jarri dituzte BEC Bilbao Exhibition Centre erakustazokako jabeek. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak azaldu du BEC biziberritzeko lehiakortasun plan berriaren barnean aurreikusi dutela aukera hori. Bizkaia Arena erakustazokako espazio nagusia da, eta, erabileraren arabera, 15.000 eta 26.000 pertsona arteko espazioa du. BECeko jabeen asmoa urte batzuetarako adjudikazioa ematea da enpresaren bati. Hala, kudeaketaz arduratzen den enpresak arriskua bere gain hartuko luke, eta espazioaren truke kopuru jakin bat ordainduko lioke BECi. Ideia horren bidez, Barakaldora musika eta kirol ikuskizun gehiago erakartzen saiatuko dira.

Erakustazokak dituen arazo ekonomikoei aurre egiteko proiektuei buruz mintzatu da gaur Tapia, Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Lehiakortasun plan berriaren barnean, erabilera eskasa duten espazioak —6 eta 7 pabilioak eta dorreko bulegoak, besteak beste— alokatzen saiatuko direla nabarmendu du, baina guztien jabetza publikoari eutsiko diote. "Azken finean, diru publikoarekin ordaintzen ari gara oraindik, eta horiek balioan jartzea posible da", zehaztu du.
Azken urteotan jarduera nabarmen moteldu da BECen. EAEko Kontu Auzitegiaren arabera, 2008 eta 2011 artean %54 erori zen fakturazioa. Urte horietan 17 milioi euroren galera operatiboak pilatu zituen azpiegiturak. Horri gehitu behar zaio EIB Europako Inbertsio Bankuak emandako mailegua dela-eta urtero Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana ordaintzen duten zorpetzea: 24 milioi euro. Heldu den urtean, gainera, 150 milioi euroko mailegu hori berfinantzatu beharko dute, dena batera ordaintzea "ezinezkoa" izango dela onartu baitu Tapiak.

Sailburuak, dena den, erakustazoka defendatu du, eta, galerei buruz asko hitz egin bada ere, eragin dituen onurak ere aipatzea aldarrikatu du. Haren arabera, BECen eragin ekonomikoa 600 milioi eurokoa izan da 2005. urtetik. Halaber, 100 milioi euro inguru gehitu dizkio zerga bilketari. Tapiak, era berean, orain dela gutxi sinatu den lan itunaren garrantzia nabarmendu du. Eskatuta zegoen behin-behineko erregulazioa baztertu da, eta 2017. urtea arteko baldintzak hitzartu dira. Itun horretan soldata behin-behinean jaistea onartu dute langileek, eta "ardura" hori eskertu die Tapiak.

Oposizioko alderdi guztiak kezkatuta agertu dira egoerarekin, eta BECen diseinua hasieratik gaizki egin zela salatu dute. Sailburuak "orduko ikuspegia ulertzea" eskatu zion oposizioari, eta erabakia hartu zen garaian bestelako garapena espero zela onartu zuen. Krisiaren aurretik, gainera, sasoi batzuetan espazio osoa betetzera iritsi zirela gogoratu zuen. Esaterako, Biemh makina-erremintaren azoka egin zen urteetan. PP eta EH Bilduko ordezkariek nabarmendu zuten ustez osorik bete eta ondo zegoela zirudien garai horretan ere galerak zituela azpiegiturak. Bizkaia Arenaren kudeaketa adjudikatu eta esku pribatuetan uzteko negoziazioak martxan jarri dituzte BEC erakustazokako jabeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.