Befesak 800 kilometrora lekualdatu nahi ditu Ortuellako 27 langile

Bigarren aukera bat ere badagoela dio: hamar lagun kaleratzea eta gainerakoei egungo baldintzak aldatzea

Erredakzioa
Bilbo
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Astelehenean mugagabeko greba hasiko dute Ortuellako (Bizkaia) Befesa Limpiezas Industrialeseko langileek. 47 langileko enpresa da, eta horietatik 27 lekualdatu egin nahi ditu zuzendaritzak, Espainiara. Cartagenara joatea proposatu die 25i, eta Sevillara beste biri, gaur egungo lantokitik 800 kilometrora hain zuzen. Langileen arabera, «ezkutuko kaleratzeak» dira lekualdaketa horiek.

Inor lantegiz aldatu gabe bigarren aukera bat ere badagoela jakinarazi die zuzendaritzak: hamar langile kaleratzea eta gainerako guztiek gaur egungo lan baldintzak aldatzea onartzea. Soldatak %18 murriztea, astean 35 orduko lanaldia izan beharrean 40ko izatea eta malgutasun handiagoa biltzen ditu proposamen horrek. Abengoa taldekoa da Befesa, eta langileek uste dute pixkanaka Ortuellako lantegia ixteko asmoa duela.

Antzeko kasu ugari izan dira Ezkerraldean. Eskualdean gertatzen ari den «industria eraistearen aurka», 19. Ezkerraldearen Aldeko Martxa antolatu dute hainbat gizarte talde eta sindikatuk, tartean Berri Otxoak-ek, ELAk, LABek, EILASek, ESK-k, CGTk eta CNTk. Larunbatean izango da, Sestaotik hasita. Besteak beste, eskatuko dute gastu militarrerako erabiltzen den dirua familien oinarrizko beharrak asetzeko erabiltzea. Ezkerraldeko 51.500 familiak hilabete amaierara iristeko zailtasunak dituztela azaldu dute. Langabezia tasa %22,2koa da eskualdean, 21.000 lagun ari dira enplegu bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.