Enplegua. Testigantzak. Jesus Lasa. Geyserko langilea

«Behar duguna da CNA desagertzea. Ez daukagu beste irteerarik»

Jon Fernandez.
2018ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Jesus Lasak ondo daki zer den enplegua galtzea. Sei hamarkadako bizitzan, soraluzetarrak bere begiekin ikusi du behin baino gehiagotan. «Ni gaztetan Bilbon hasi nintzen lanean, eta ikusi nituen jausten Euskalduna eta Bizkaiko Labe Garaiak».

Duela 21 urte hasi zen Geyserren lanean, sorreratik, eta 2014an ikusi zuen Fagor Etxetresnak kooperatibaren hondoratzea. «Inork ez zuen espero gerta zitekeenik». Fagorrek eta Alemaniako Vaillantek erdibana sortu zuten 1997an Geyser Gastech, galdarak egiteko. 2014ko errautsetatik CNA konpainia katalanak atera zuen, Edesa Industrial izenpean, baina gutxi iraun du berpizteak. Hartzekodunen konkurtsoan dago: Geyser likidaziora bidean, eta Edesako 130 langileak kalera bidean. Soilik dozena bat komertzial utzi nahi ditu lanean Jorge Parlade enpresariak Edesan.

Ezer espero duzue CNAren partetik ?

Desagertzea espero dugu. CNA desagertzeak emango digu aukera baten bat agertzeko. Ez dugu ikusten proiekturik Parladeren inguruan. Hondamendira eraman du proiektu hau.

Zer estrategia ari da erabiltzen Parlade?

Uste dugu bera asmoa dela Fagor marka mantentzea, eta bakarrik produktuak komertzializatea.Ez du hemen fabrikatzeko asmorik. Duela pare bat hilabete Poloniako Amicarekin aurkeztutako proiektua ere produktuak komertzializatzeko zen.

Fagor marka beharrezkoa litzateke horretarako, eta, oraingoz, epaitegian dago markaren erabileraren auzia.

Uste dugu epaileak Fagor marka kenduko diola CNAri. Parladek ez du bete markarekin zeukan konpromiso bakar bat ere. Fagorri sekulako mina egiten dio, ze marka agertzen den bakoitzean istilu bati lotuta dago. Fagorren barruan, Fagor Industrialek sukalde industrialak egiten ditu, eta marka zipriztintzeak min egiten dio.

CNA baztertuta, Jaurlaritzaren eta Fagor Taldearen ateak jo dituzue. Erantzunik jaso duzue?

Fagor hausnarketa prozesuan dago. Guk eskatzen dioguna da proiektu sendo bat agertzen bada, marka erabiltzen uzteko; betiere marka babestuta geratuko dela ziurtatuta. Hori izango litzateke gure irtenbidea.

Inbertitzailerik etortzeko aukerarik ikusten duzue?

Marka batzuk ibili dira bueltaka, baina ezin dut esan zeintzuk. Produkzioa hemen egitea behar dugu, gure lanpostuak mantentzea:ez duguna behar da espekulatzera datorren inbertitzaile bat.

Geyser likidatu egingo du CNAk, Edesa ez. Zer ondorio ditu?

Dozena bat komertzial utzi nahi ditu Edesan. Hori izan daiteke oztopo bat: guk behar duguna da CNA desagertzea, dena likidazioan sartzea eta inbertitzaileren bat agertzea. Ez daukagu beste irteerarik.

Markaren gaineko epaiak, orduan, alda dezake Parladeren jarrera, eta Edesa ere likidatu.

Izan daiteke. Baliteke epaiak bidea erraztea, baina Parlade ezagututa, auskalo.

Baikortasunez ala ezkortasunez begiratzen diozu etorkizunari?

Zaila ikusten dugu, baina mantentzen dugu itxaropena baten bat agertzeko.

Bereziki gogorra izan behar du bigarrenez zuloan egotea, hiru urteren buruan.

Oso gogorra, inork ez zuen pentsatzen hori gertatuko zenik.Pentsaezina zen kooperatiba hori, Fagor Etxetresnak, ixtea.

Erretirotik gertu zaude, baina baita langabeziatik ere oraintxe.

Ez bada agertzen inbertitzailerik, erretiroa hartuko nuke: Fagorreko bazkidea naiz eszedentzian. Baina jende asko dago adin oso konplikatuekin. Kalte pertsonalak horiek dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.