Behargin bat hil da Gasteizen, industria labe batean harrapatuta

Sindikatuek salatu dute Grupos Diferenciales enpresan ez dutela hartzen nahikoa neurri lan istripuak saihesteko

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
C.A. izeneko langilea da lan istripu batean hildako azkena Euskal Herrian, 44 urteko behargina bera, kolonbiar jatorrikoa. Atzo goizeko seietan hil zen, Gasteizko Betoñu industrialdeko Grupos Diferenciales enpresako plantan, Jaurlaritzako Herrizaingo sailak esan duenez; industria labe batek harrapatu zuen.

Engranajeak ekoizten ditu Grupos Diferenciales enpresak; lan istripuan hildako langileak enpresaren instalazioetatik at ziharduen, bakarrik, labe bat gobernatzen. Horregatik, bi orduan behin lankide batek gune horretan dena ongi dagoen zaindu behar du; hori da protokoloa. «Neurri hori ez da nahikoa, bistan da», esan zuen atzo ELA sindikatuak, ohar batean. Halaber, istripuaren zergatiak ikertzeko eskatu zuen sindikatuak, «eta erantzukizunak argitzeko». LAB sindikatuak ere gogor salatu zuen lan istripua. Hilotza Gasteizko Lege Medikuntzaren Institutuaren egoitzara eraman zuten, autopsia egiteko.

Hirugarrena aste batean

Lan istripuak bukatzeko «benetako borondate politikoa» behar dela uste dute sindikatuek. Grupos Diferencialeseko langile batzordeak lanuztea egin zuen atzo egun osoan. Aste honetan hil den hirugarren langilea da Betoñu industrialdekoa. Asteartean beste bi hil ziren Nafarroan, A-21 autobidean, errepidean lanean ari zirela auto batek harrapatuta. Aurreko astean, berriz, Imarkoaingo Garraioaren Hirian (Nafarroan) beste bat hil zen, ate batek azpian harrapatuta. Kirol biltegi bateko zaindaria zen.

LAB sindikatuaren datuen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan edo lan baldintzen ondorioz hil den 49. langilea da gaurkoa; bederatzi hil dira Araban, hogei Bizkaian, hamabi Gipuzkoan, zazpi Nafarroan, eta bat Ipar Euskal Herrian. Iaz, 80 langile zendu ziren lan istripuetan, sindikatuaren arabera;2010ean, 84; 2009an, 85; 2008an, 112; eta 2007an, 125.

Euskal sindikatuak segurtasun neurriak indartzeko eskatzen ari dira etengabe, lanean ari dela inork bizia gal ez dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.