Ipar Euskal Herriko gasnategiak artzainekin ardi esnearen prezioa negoziatzen ari direla, oharra egin die ELBk. Ez du onartuko prezioak are gehiago apaltzea, ardi gasnaren kontsumoa igotzen ari denean, horretarako «arrazoi izpirik» ikusten ez duelako. Ororen buru, ELBk ohartarazi du behi esnearen sektoreak ezagutzen duen krisia, «ez dutela ardi esne sailan onartuko».
Ipar Euskal Herriko Ardiaren Interprofesionalaren arabera, ardi hazleen irabazia %44az apaldu da 2007 eta 2008 artean eta %38ko apaltzea aurreikusia da 2009rako. Hori dela eta, prezioen emendatzea lortzeko mobilizaziorako deia egin die ELBk laborari guztiei. Ardi gasnaren prezioa esne prezioarena baino azkarrago emendatzen denez eta euskal gasnaren salmenta apaltzen ez denez, prezioak igo behar direla dio laborarien sindikatu nagusiak.
Finkaturik ala finkatzekoa, Ipar Euskal Herriko zortzi esnetegiak prezioen erabakitzen ari dira egun hauetan. Mauleko Fromagerie des Chaumes gasnategiak mila litroko 1.049 euroko prezioa finkatu du; Larzabaleko Pirenefrom gasnategiak mila litroko 1.050 euroko prezioa finkatu du; Eiheralarreko Sarl Garazi gasnategiak, kalitatearen arabera, mila litroko 1.045 eurotik 1.290 euroren artean finkatua; Urepeleko Hor dago gasnategian mila litroko, 1.095 euro tokiko arrazako ardiak dauzkatenentzat eta 1.000 euro besteentzat. Heletako Scop Agian, adostasunik ez oraino lorturik beti negoziaketetan dira, Donibane Garaziko CLPB, Makeako Berriak, eta Muskuldiko Azkorria gasnategiek prezioa oraindik finkatua ez dute.
Azaroaren 30ean 250 artzain elkarretaratu ziren Fromagerie des Chaumes gasnategiaren aintzinean, esne prezioaren apaltze arriskua salatzeko. Presioak izan du eragina, artzainek lortu baitute prezioa pixka bat emendatzea.
Astearte arratsalde guztia iraun zuen negoziaketak. Artzainen delegazioa mila litroko 1060 euroko eskakizunarekin etorri zen hitzordura; zuzendaria berriz, aurreko urteko prezioarekin, hots, 1.044 euroko eskaintzarekin. Prezioaren emendatzea, kalitate kriterioen arabera egitea ere proposatu zuen zuzendariak. Bainaez zuten hori onartu artzainek. Azkenean, mila litroko, aurreko urteko prezioari baldintzarik gabeko bost euroko emendioa eskaini zien zuzendariak. Prezio hori onartu eta negoziaketak bukatu ziren astearte gauean.
ELBren ustez, Fromagerie des Chaumes gasnategian lorturiko emendioa «ez da aski». Antton Etxeber ELBko kideak zehaztu duenez, «hein horretako emendioak ez du ezer aldatzen, mila litroko bost eurok ez digu egoera hobetzen». Gasnategiek egiten dituzten «prezio apaltze mehatsuak» salatu ditu sindikatuak. Hau da, ELBk dio apaltze proposamen horien ondotik, prezioen mantentzea ihardesten bada, «aintzinatze bat bezala ikusia dela». Hots, ekoizleen egoera ikusirik, gaur egungo prezioak ez dira nahikoak sindikatuaren iritziz.
Behi sektorearen krisia ardien arlora ere igarotzea ez du onartuko ELBk
Ardi esnearen prezioen emendatzea lortzeko laborari guztiei mobilizatzeko deia egin die sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu