Bekadunek ziurtatu dute Jaurlaritzak ez diela abenduko soldata pagatu

ELAk salatu du pentsio osagarrian ekarpenik ez egiteak langile publikoen soldata jaisten duela

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaularitzako teknologo eta ikertzaile gazteen prestatzaileen beken onuduradunak salatu dute Eusko Jaurlaritzak ez diela pagatu abenduko soldata. Hilabete horretan jaso ohi dute urteko azken hiruhileko lanaren saria, baina ez dela iritsi esan dute, eta jasotzeke dutela prestakuntzarako bideratutako dirua ere. Azken hori bekadunek aurreratu ohi dute, baina gero Jaurlaritzak itzuli egiten die.

Agiri baten bidez, bekadunek aipatu dute zenbait ordainketa atzeratzeko agindua indarrean dagoela, beraiei dagokien kasuan bederen. Azken egunotan, Noticias taldeko egunkariek ziurtatu dute abenduaren erdialdera Jaurlaritzak hornitzaileei ez pagatzeko agindua eman ziela, 2011ko kontuak txukuntze aldera. Jaurlaritzak erantzun du ez dagoela ez pagatzeko agindurik eta dena txukun ordaintzen ari dela.

Bekadunek diotenez, urtarrilaren hasieran Jaurlaritzak aitortu egin zien «diruzaintzan egokitzeko arazoak» izan zirela, baina ez zutela bekekin zerikusirik. Astebete geroago, berriz, azaldu zieten Ogasun Sailak «ordainketa guztiak blokeatu» zituela, eta dirua egon badagoen arren programa informatikoak ordainketak eragozten zituela.

ELAren kexua

Langile publikoekin ere frontea irekita du Jaurlaritzak. Herenegun iragarri zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko zuela, Espainiako Gobernuaren dekretu batek debekatu egiten ziolako bere langileen pentsio osagarrien planean (Itzarri) ekarpenak egitea. Jaurlaritzaren «aitzakia» salatu zuen atzo ELAk, uste baitu Madrilen dekretua ez dela aplikagarria EAEn. Ekarpenik ez egitea funtzionarioen soldata jaistearen parekoa dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.