Ekarpenen auzian Eroski eta Fagorren alde egitea aurpegiratu zioten atzo Eusko Legebiltzarreko oposizioko alderdiek Belen Greaves Kontsumobideko zuzendariari, eta gaitzespena jaso ondoren eman du dimisioa, ordu gutxira.
Auzi horretan bitartekari lana egiteko eskatu zion Legebiltzarrak Kontsumobideri otsailean, baina Greavesek maiatzaren hasiera argitaratu zen elkarrizketa batean esan zuen ondo jokatu zutela Eroskik eta Fagorrek. Harrezkero Kontsumobideren bitartekaritza auzitan jarri dute ekarpen horiek erosi zituztenek. EH Bilduk, PSEk, PPk eta UPDk atzo adostutako testuan ere honela esan zuten: "Greavesek ez zuen kontuan hartu Kontsumobideren funtzioa kontsumitzaileak babestea eta defendatzea dela".
Greaves bera ere damututa agertu zen elkarrizketa eman izanaz, baina ez esandakoaz. Gaitzespenaren ondotik, ordea, dimisioa ematea erabaki du.
Ekarpenen auzia
Eroskik eta Fagorrek hazkunde ekonomikoaren aroan (2002- 2007) jaulki zituzten orain eztabaidagai diren menpeko ekarpenak. Ez dira lehentasunezko parte hartzeak, baina haien antza dute. Haiekin gertatu den bezala, informazioan dago gakoa, erosi zituztenei iruzur egin ote zitzaien edo ez zehazteko. Mondragon taldeko kooperatibek euren inbertsio batzuk finantzatzeko sortu zituzten ekarpenak, eta bankuen bidez merkaturatu.
Produktuen xehetasunak jasotzen dituen liburuxka egin zuten, eta han zehatz jasotzen dira ezaugarriak. Esaten da ekarpenak norbaiti saldu nahi izanez gero, haren balioa merkatuaren arabera igo eta jaisten dela. Errenta finkoko merkatuan sal daitekeela alegia, baina merkatu horretan balioaren erdia galdu dute jadanik ekarpenek. Gainera, beste bi bide aipatzen dira ekarpena uzteko: bost urteren buruan Eroskik erostea edo kooperatiba desagertzea. Halaber, zehazten da, lehentasunezko zorra ez denez, enpresek porrot eginez gero beste zor batzuk pagatuko direla lehenik.
Ekarpen horiek dituzten bezero askok, Kaltetuak izeneko elkartea sortu dute. Informazio hori ez zitzaiela eman salatu dute. Euren inbertsioa noiznahi berreskuratu ahal izango zutela uste izan zuten, gordailu finkoak balira bezala. Sinatutako kontratuek ere ez dituzte islatzen ezaugarri arriskutsu horiek guztiak. Gaur egun 1.100 lagun ditu elkarteak.