Benetako ordua kutxak batzeko

Kutxako eta BBK-ko administrazio kontseiluek bi finantza erakundeak bateratzeko proiektua onartu dute

IVAN SANTAMARIA / MIREN GARATE
2008ko urriaren 31
00:00
Entzun
Amaitu dira espekulazioak. Bukatu dira itxaronaldiak. BBK Bilbao Bizkaia Kutxako eta Gipuzkoa Donostia Kutxako administrazio kontseiluek bat-egiteko prozedura martxan jartzea onartu zuten atzo. Helburua da erakunde berri eta bateratua - Euskadiko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea izenekoa - urtarrilaren 1erako martxan jartzea.

Bateratzea gauzatu aurretik bi kutxetako batzar orokorren babesa lortu behar du proiektuak. Beharrezko gehiengoa ziurtaturik dute BBKn, EAJk eta CCOOk joan den astelehenean akordioa itxi ondotik. Kutxan, haatik, bat-egitearen aldekoek hasiera batean 66 boto kontrolatzen dituzte, eta bakarra falta zaie beharrezkoak diren bi herenak lortzeko. Oraindik batzar orokor horien eguna ez dute zehaztu hala BBK-k nola Kutxak.

Aspaldi hasitako egitasmoa ez da protagonistek nahi zuten modura itxiko, oraingoz, behintzat, Vital Kutxa kanpoan geratu delako. Hala, 2005eko ekainean nola 2007ko irailean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru aurrezki kutxak elkartzeko bokazioa zuten proiektuek, baina PPren, eta, batez ere, PSE-EEren kontrako iritziak ekimena zapuztu du behin eta berriro.

Vitaleko agintaritza organoetatik popularrak atera izanak ere agertokia aldatzen ez zuela ikusita, bitarako bat-egitea prestatzeari ekin zioten BBK-ko presidenteak, Xabier Iralak, eta Kutxakoak, Xabier Iturbek. Ideia «arduragabekeria» zela salatu zuen Gregorio Rojo Vitaleko presidenteak, eta gaur egun hirurak batzea «ezinezkoa» zela ziurtatu.

Prozeduratik at geratu da, ondorioz, Arabako kutxa, baina aurrera begira proiektura sartzeko atea zabalik utzi diote BBK-k eta Kutxak, «bere gobernu organoek hala erabakitzen dutenean». «Hori guztia Euskadin erakunde indartsu eta lehiakor bakarra sortzeko prozesua osatzeko helburuarekin», bat-egitea justifikatzeko dokumentazioak dioenez.

Finantza krisiak sektore osoa astindu du, eta, bankuekin gertatu zen antzera, orain aurrezki kutxa handiagoak eratzeko prozedurak bizkortuko direla uste dute BBK-ko eta Kutxako arduradunek. Horixe da, hain zuzen ere, proiektua orain eta Vital sartzeko aukerari itxaron gabe gauzatzeko arrazoi nagusia. Andaluziako, Gaztela-Leongo edo Valentziako kutxek bat-egingo balute, erakunde berri bakoitzak BBK eta Kutxaren batuketa gaindituko luke, esaterako. «Aurrea hartu eta prozesua lideratzeko gai diren erakundeek lehiatzeko abantaila esanguratsua lortuko dute momentu korapilatsu honetan», BBK eta Kutxako administrazio kontseiluen irudiko.

Euskadiko Aurrezki Kutxa Hego Euskal Herrian eta Espainian lehiatzen direnen arteanhirugarrena izango da etekinei eta ondare garbiari dagokionez, Caja Madrid eta La Caixaren atzetik. Proiektuak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren eta Confebask patronalaren oniritzia du.

Sorrera

BBKren eta Kutxaren arteko fusioa gauzatzeko, lehenik eta behin deuseztatu egingo dira bi erakundeak, eta hori egin bezain pronto sortuko da erakunde berria.Euskadiko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea izena edukiko du. BBK-k eta Kutxak zituzten akzio,ondare,eskubide, betebehar eta eskubide guztiak bere egingo ditu. Fusioa bai BBK-ko eta bai Kutxako batzar nagusiek onartzen badute soilik egingo da, eta koordinaziorako batzordeak kontrolatuko du prozesua. Batzorde hori BBK eta Kutxako presidenteek eta haiek aukeratutako bina lagunek osatuko dute. Besteak beste, fusiorako beharrezkoa den dokumentazioa prestatzea, bi erakundeen artean sortutako lan taldeak kudeatzea eta sor daitezkeen gatazkak konpontzea izango dira haien zereginak.

Helburua

Dimentsio handiagoko aurrezki kutxa sortzea da helburua, finantza erakunde txikiagoek jaso ezin dituzten finantzabide eta inbertsioetarako aukerak izateko. Tamainak gero eta garrantzia handiagoa duela uste dute bi erakundeek. Berankortasuna igotzen ari denez sendotasun handiagoa behar dutela aipatu dute. Horrez gain, finantza merkatuetan sartzea gero eta zailago dela adierazi dute. Jarduera eremu geografiko handiagora zabalduta arriskuak murriztea da beste helburuetako bat. Gainera, fusioaren bidez kostua murriztuko dutela diote.

Karguak

Euskadiko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxeak batzar nagusia, administrazio kontseilua eta kontrolerako batzordea izango ditu.Gobernu organoetako kideen erdiak Kutxakoak izango dira, eta beste erdiak, BBK-koak. Gaur egun, BBK-ko presidentea den Xabier Irala izango da administrazio kontseiluko presidentea; Xabier Iturbe Kutxako presidenteak beteko du presidenteorde kargua, eta Angel Lobera izango da idazkaria.

Egoitza

Aurrezki kutxa berriak bi egoitza izango ditu. Bilbon egongo da egoitza ekonomiko eta finantzieroa, eta Donostian, gizarte ekintzarako egoitza. Fiskalitate aldetik horrek ez duela eraginik izango adierazi dute bi erakundeek. Hau da, zergak ordaintzeko orduan orekari eutsiko diotela bi probintzien artean.

Langileak

Gaur egun, 2.771 lagunek egiten dute lan Kutxan, eta 2.513k BBKn. Fusioaren ondorioz, lan taldea berregituratu beharko balitz, lanpostuak gutxitzeko dosierrik ez dutela erabiliko esan dute, ezta behartutako leku aldaketarik ere. Soldatak, lanaldiak eta gainerako baldintzak bi urte baino lehen parekatzea aurreikusi dute.

Partaidetza

Kutxak %40ko partaidetza izango du Euskadiko Aurrezki Kutxan eta BBK-k %60koa. Finkatutako aktibo guztiak, ondare garbiaren araberako kaudimena, taldearen irabaziak eta gizarte ekintzara egindako ekarpena hartu dituzte kontuan bakoitzaren partaidetza erabakitzeko.

Gizarte ekintza

Batak zein besteak konpromisoa hartu dute 2010 arte urteroko irabazien %30 gizarte ekintzara bideratzeko. Donostian egoitza duen fundazio batek kudeatuko du gizarte ekintza. Gipuzkoa, Bizkaia eta hedapena sailetan banatuko dituzte arlo horretako inbertsioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.