Berangoko Udalak 200.000 euroan erosiko du Kukullaga Goikoa baserria

Alkateak dio han bizi zen adineko bikoteak eta haren seme-alabek etxean jarraitzeko arazorik ez dagoela

Salterain (EHNE), Landa Berangoko alkatea eta Txapartegi abokatua, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Berango
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ez zorra hartu zuenak, ezta zorra jaso gabe utzi zuenak ere. Azkenean Kukullaga Goikoa baserria Berangoko Udalaren esku geratuko da. Jesus Goiti mailegu emaileak 200.000 euro jasoko ditu, eta baserrian bizi zen adineko bikotea eta haren seme-alabek ez dute etxea utzi beharko.

Irailaren 27an desjabetza atzeratzeko erabakia hartu zenez geroztik, hamabost egun «gogor» izan direla aitortu zuen Anabel Landa Berangoko alkateak. Izan ere, negoziazio eta lan ildo ugari jorratu behar izan dituzte Bizkaiko EHNEren, udalaren eta mailegu emailearen artean. Negoziazio horien ondorioz, udalak 200.000 euro ordainduko ditu baserriaren truke, eta jabetza bere gain hartuko du. Ordainketarako epea 2012ko martxoa izango da. Nolanahi ere, atzoko emanda zegoen hustutze agindua bertan behera uzteko, udalak 10.000 euroko aurrerapena egin behar izan du. «Oraindik ez dakigu zein eratan egingo dugun ordainketa. Ziurrenik aurrekontuetan aldaketak egin beharko ditugu, baina ez dakigu oraindik, akordioa astelehenean lortu baikenuen», Landaren hitzetan. Hala ere, alkateak argi utzi nahi izan du eurek ez dutela zorra ordaindu, jabetza erosi baizik. Izan ere, baserria jada Goitiren izenean zegoen.

Baserriaren jabetza bereganatzeko, Berangoko alkateak bi arrazoi azpimarratu ditu. Alde batetik, baserrian dagoen XVII. mendeko errota berreskuratzea. «Ondare garrantzitsua da, eta era horretan udalaren ondare kopurua handitu egingo da». Bestetik, baserrian bizi den familiaren «egoera larriari» irtenbidea emateko aukera izan dela nabarmendu du. Aurrerantzean bertan bizi den adineko bikoteak etxebizitzaren gozamen eskubidea izango du, eta han bizitzen jarraituko dute haien seme-alabek ere. «Alde horretatik ez da arazorik egongo», ziurtatu du alkateak.

Desjabetza gelditzeko garaian udalak eskumen gutxi dituela salatu du Landak, eta eskumenak dituztenei Kukullaga Goikoaren antzeko kasu gehiago ez gertatzeko behar diren neurriak hartzeko eskatu die.

Hiru lan ildo

Unzalu Salterain Bizkaiko EHNEko koordinatzaileak azaldu du saiatu zirela bide juridikoa erabiltzen desjabetzea geratzeko, baina ez zuen balio izan, «mailegu emaileak zirrikitu guztiak ongi estalita zeuzkalako». Horregatik, Goitirekin negoziatzea erabaki zuten, irailaren 27ko epearen aurretik ere. Lan politikoa ere egin du sindikatuak, eta Salterainek txalotu egin du Berangoko Udaleko talde guztiek bat egin dutela auzi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.