MIG Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako hauteskundeen emaitzak jakinarazi zituen atzo arratsaldean Jean-Marie Berckmans lehendakariak. Berckmansek kudeatzen zuen zerrendak irabazi ditu hauteskundeak, eta 36 aulkiak bereganatu ditu, 1.808 bozekin (bozen %78,8). Medef patronalaren inguruko hautagaiek ez dute hautetsi bakar bat ere lortu. Berckmansen iritziz, «emaitza txarrak dira, kontuan hartuz pertsona ezagunak zirela».
Zuzentzen zuen zerrendaren emaitzekin pozik zegoen, ordea, Berckmans. «Emaitza horiek erakusten dute enpresaburuek konfiantza handia dutela gugan, eta horrek zilegitasun handia emanen dio gure biltzarrari», adierazi zuen Merkataritza Ganberako buruak. «Egin dugun lanaren onarpen bat ikusten dut emaitza horietan. Ipar Euskal Herriaren garapen orekatuan indarrak biderkatuko ditugu», iragarri zuen.Ganberako zuzendaritza berria «berritua, gaztetua eta emaztetua» izanen da. 36 kideetatik 23 berriak dira, Merkataritza Ganberan oraino kargurik izan ez dutenak. Lehen baino emazte gehiago bihurtu da hautetsi. Joera guztietako jendea bildu da zerrenda horretan. Abenduaren 10ean hartuko dute kargua ofizialki.
Bozka sistema «sinplifikatu»
Bozemaleen %26,3k baizik ez du parte hartu bozketan. Gutun bidez bozkatu zuten. Baina, Berckmansen ustez, sistema «konplikatua» zen. Huts tekniko andana baten ondorioz, bozen %14 baliorik gabekoak izan dira. Berckmansek hauteskundeak antolatzen dituen ministerioari idatzi nahi dio, sistema «sinplifikatu» dezatela eskatzeko. 36 kontseilari hautatu behar bazituzten ere, kolegio bakoitzak zerrenda zati baten alde baizik ez zuen bozkatzen. Bestalde, bi hauteskunde iragan dira aldi berean, ganberako ordezkariena eta auzitegia osatuko zuten ordezkariena. Bi hauteskundeak bereiztea eta zerrenda osoaren alde bozkatzea galdeginen dio.
Berckmansen zerrendak lortu ditu Baionako Ganberako 36 aulkiak
MIGeko gutun bidezko hauteskundeetan bozemaileen %26,3k baizik ez du parte hartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu