Jean-Luc Etxart. CLPB kooperatibako kidea

«Berdin beste kolpe bat eginen digute laster; ez da deus salbaturik guretzat»

Azarotik blokeo egoeran zen auzia konponbidean jarri dutela dirudi. Industriako enpresek esan dute «matematikoki» posible dela CLPB kooperatibako kideen esnea hartzea.

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Nahiz Patrick Etxegarai Interprofesionaleko presidenteak segurtatu arazoari aterabide bat aurkitu dela, ez da horretaz hain segur Jean-Luc Etxart (1970, Donapaleu) CLPBko kidea: «Ez dakigu fitsik, ez nori eman behar dugun esnea, ez eta zenbat ere».

Azaroaz geroztik egoera blokeatua zen, eta esnetegi eta industrialen artean. Ostiraleko bilkuran adostasun bat lortu zenuten.

Aterabide segurua denik ez gara hain segur. Matematikoki gure esnea hartzea posible dela erran dute orduan. Baina guk ez dakigu fitsik, ez nori eman behar dugun esnea, ez eta zenbat ere. Elkarren artean ikusi behar dute nola banatu, jakinez andana batek ez digutela guri erosiko...

Akordio hori idatzizkoa da ala ahoz errana den zerbait da?

Ahoz bakarrik. Aurten, esne gutxiago badela ikusiz eta esnetegi batzuk gehiago gasnatu nahi dutela kontutan harturik, esnea eskas da. Beraz, koiuntura hori ikusiz, CLPBren egoera konpondua dela adierazi dute, matematikoki pasatzen delako. Beste deus ez dakigu.

Zer sentimendurekin atera zineten bilera horretarik?

Zalantza badugu, hala ere. Ageriko da... Etxelekuren Agour gasnategia hartzaile da, 200.000 pinta omen, baina hori ere ez dute zehaztu bilkuran. Bestea nork hartuko du? Milioi bat pinta gelditzen dira oraino... Lactalis gasnategiak [Larzabalen kokatua] ez badu nahi, problema bera dugu.

Interprofesionaleko bileran ziren esnetegi horiek?

Bai, bai. Chaumes gasnategiak [Maulekoa] ez du erosten, Ulpac enpresarekin aski istorio ukan ditugu, Onetik-ek [Makeakoa] ez digu guri erosiko... Beraz, itzulia laster egina da. Elkarren artean ikusiko dutela diote, eta horretan gelditu gara. Larzabaleko gasnategiarekin milioi bat pintako hitzarmena bagenuen, eta orain kantitate hori banaturik dugu.

Azaroaz geroz blokeatua zen egoera. Egunero 4.000 litro esne zenituzten, hartzailerik gabe... nola iragan dira hilabete horiek?

Azkenean, Etxelekuk hartu digu esnea. Aste bakar batendako hartuko zigula erran zigun. Aste baten buruan, ez genuen gehiago hartzailerik, eta gasnak egin genituen. Ondotik, urtarrilaren 20a inguru, berriz hartuko zigula erran zigun, eta, geroztik, Etxelekuk hartzen digu. Baina hitzarmenik gabe... bihar aski duela erraten badu, bukatzen da.

Ezjakintasuna eta kezka sentitzen da zure hitzetan.

Bai, kezkaturik gara. Gainera, beti xantaia batzuk badira, ekoizleen taldetik gauza batzuk garraiatzen dituzte beren esnetegietara. Ez bagara ados zerbaiti begira, berriz ere esnea da zalantzan jarria, beti ber istorioa da.

Hainbat egiturak salatu dute Interprofesionalak ez zuela bere lana egin afera horretan. Zuk zer diozu?

Lehenik, tokiko esnea baliatu behar dela dion legerik ez dugu. Beraz, interprofesionalak ez du botererik hemengo esnea hartzera behartzeko, industrialek ez badute nahi, nahi dutena egin dezakete. Hala, manaturik izan gabe, industrialak franko ontsa dira; eta funtzionamendu horrekin laborarien zati bat ere ados da. Beti horrela izan da, baina orain dugu azkar senti.

Zer ondorio ateratzen duzu gertatu zaizuenetik?

Gure desagerraraztea pentsatua zuten. Kolpea atxiki dugu, baina ez dakit noiz arte. Berdin, beste kolpe bat eginen digute laster; ez da deus salbaturik.

Ardi esne sailaz bilera antolatu zuenKontseilu Nagusiak larunbatean. Nola iragan zen bilera?

Esnetegi industrial handienak ez ziren hor; Agour eta Eiheralarreko gasnategia ziren hor. Guretzat ontsa joan da, laguntza guztiak AOP sor-markarantz banatuko zirela erran dute. Izan promoziorako edota esnetegien berritzeko, baina beti AOPera buruz banatuko dituzte. Hori biziki ontsa da.

Hautetsiek prentsaurreko bat antolatu zuten urtarrilean, CLPBri elkartasuna adierazteko. Nola hartu zenuten keinu hori?

Eskertzekoa da. Desira erakustea ontsa da, baina arazoa beti berdina da: industrialen behartzeko tresna ala neurririk ez da. Hori da arazoa.

Zer galdatzen duzue, zehazki?

Aurtengo esnea hartzea, bistan da. Epe luzerako egutegi bat ere galdatzen dugu. Gure esnetegia plantan ezarri arte eta ezarri eta ere ezingo dugulako berehala dena gasnatu, egutegi batek finkatu behar du ondoko sasoietan zenbat esne hartuko diguten. Baina ez gara horretan.

Justuki, zuen esnetegi propioaren xedeari buruz zer errana izan zen ostiraleko bileran?

Ez ziguten deus segurtatu. Egutegi bat finkatzea galdetua izan da, baina ez da erantzunik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.