Hitz gogor asko, mobilizazio ugari eta zazpi greba egunen ondoren, bukatzear dago Gipuzkoako metalgintzaren hitzarmenaren negoziazioa. Azken hitza langileek daukate, baina ikusita sinatzaileen indarra -ELAk ordezkari sindikalen %46 ditu eta %LABek %30-, ustekabe handia izango litzateke gaur aurre-akordioa dena 2010-2011ko lan hitzarmena ez bilakatzea.
Hori bai, ez litzateke hain harritzekoa izango ordezkari sindikal batzuek beren lantegietan bereak eta bi entzun behar izatea, azkenean sinatuko dena urrun samar baitago bi sindikatu horiek negoziaketa prozesuan eskatu dutenetik. Ahaztu lanaldiaren murrizketa eta KPIaz gaineko soldata igoerak. Funtsean, bi aldagai horietan behintzat, gauzak dauden moduan geratzea hitzartu dute Adegik, ELAk eta LABek. Hori irenstea errazagoa izango zen greba egunek langileen patrikari kalte egin izan ez baliote. Dagoen krisiarekin, grebarik gabe hori ere lortzerik izango ez zutela sinestaraztea da ordezkari sindikalen lana.
Hitzartutakoa urrun dago Adegik iragan otsailean egindako proposamenetik ere; ez da harritzekoa, hordagoa bota zuelako. Lanaldiaren luzapena eskatzeaz gain - 2007an bezalaxe- patronalak nahi zuen soldaten izoztea, aintzinatasuna ezabatzea, Lan Agintaritzaren esku-hartzea murriztea, lan egutegia eta ordutegiak enpresen beharretara egokitzea, ordezkari sindikalak indargabetzea, langileen batzarrak lanetik kanpo egitea, grebak debekatzea...
Orain, gutxiagorekin konformatzen da Adegi. Lan kostuei «eusteaz» gain, patronalak letra txikian lortutakoa nabarmendu du: «Sindikatuek azkenean onartu dute [...] enpresek merkatu aldakorretara etengabe moldatu behar dutela; lan hitzarmenaren helburua dela enpresen lehiakortasunari laguntzea; itunak enpresen barne malgutasunari erantzunak eman behar dizkiola». Bihar jakingo da ELAk eta LABek zer dioten horri buruz.
Berdinketa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu