Futboleko Espainiako Liga Txapelketa

Milaka jarraitzaile harrera beroa eskaintzen ari zaie Realeko jokalariei

Aurtengo denboraldiari agur esateko Miramonen egin duten bazkaria eta gero, Realeko jokalari, tekniko eta zuzendaritza batzordeko kideak Diputaziora iritsi dira arratsaldean jarraitzaileen babesa eta animoak jasotzera. Gipuzkoa plaza jendez gainezka zegoen. Giroa bero, jokalariak sabairik gabeko autobusetik jaitsi direnean. Foru Aldundiko harrera ekitaldia amaitu da, eta 20:00etan udaletxean egin die harrera Odon Elorza Donostiako alkateak.

2003ko ekainaren 23a
19:57
Entzun
Zalaparta galanta sumatu da gaur arratsaldean Realeko jokalariak Gipuzkoa plazan dagoen Foru Aldundiko balkoira irten direnean. Aurrez, sabairik gabeko autobusean zeharkatu dituzte Donostiako kale nagusiak, inguruan zebiltzan guztien gozamenerako. Balkoira irten bezain laster, oihuka eta animoz beterik hartu dituzte jarraitzaileek Realeko jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kideak. "Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, Real" eta "Txapeldunak" izan dira bildutakoek oihukatzen dituzten lelo nagusiak.

Joakin Villa Batzar Nagusietako lehendakariak hartu du hitza, eta Realarekin lotura izango duten hiru lagun izan ditu gogoan: Echevarren medikua zena, Musti Mujika gaixo dagoen Realeko jokalari ohia eta Madrilen hil zuten Aitor Zabaleta Realeko jarraitzailea. Horrez gain, aipagarria da Tayfun Korkut jokalari turkiarrari jarraitzaileek eskaini dioten agurra, balkoira hurbiltzen zen bakoitzean "Tayfun, Tayfun" besterik ez baitzen entzuten. "Ez dakit jokatzera, baina bizitzera hona itzuliko naizela argi daukat", erantzun die Tayfunek jarraitzaileei.

Gainontzean, giro aparta ari da bizitzen Donostia, eta Realeko jokalarien masailetan poza nabarmena da. Une honetan, Realeko jokalariak autobusera igo dira berriz ere, eta Elkano kalea eta Boulevarda igaro ondoren, arratsaldeko 20:00etan udaletxean izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.