Europa

Berriro blokeatu dira Greziaren eta kreditu emaileen arteko negoziazioak

Blokeoa politikoki gainditzeko EBko goi agintarien goi bilera bat eskatu du Tsiprasek, baina ezezkoa eman dio Tuskek

Iker Aranburu.
2016ko apirilaren 27a
10:04
Entzun

Usteak erdi ustel berriro Grezian. Joan den astearen amaieran bazirudien konpontzeko bidean zeudela Atenasko gobernuaren eta hura finantzatzen dutenen arteko tirabirak. Bada, oraingoan ere kale egin dute prebisioek. Atzo gauean negoziazioak eteteko eskatu zuten kreditu emaileek, Greziak esperotako superabit primarioan lortuko ez balu indarrean jarri beharreko plan bereziari buruzko desadostasunengatik. 

Hirugarren erreskateko diru gehiago eman aurretik, Greziak 5.000 milioi euroko eragina izango duten erreforma multzoa indarrean jartzeko eskatu dute kreditu emaileek -Europako Batzordea, ESM Euroguneko erreskate funtsa, EBZ eta Nazioarteko Diru Funtsa-. Zerga batzuk gehiago igotzea, pentsio batzuk gehiago jaistea, pribatizazio gehiago eta mailegu ustelak funts putreei saltzea dakar plan horrek.

Horri esker BPGaren %3,5eko superabit primarioa lortuko duela uste du Alexis Tsiprasen gobernuak, hau da, zorraren ordainketa aintzat hartu gabe, superabit handia izango duela Greziako Estatuak. NDFk uste du baikorregia dela uste hori, eta asko jota %1,5eko defizita izango duela. Desadostasuna arintzeko, %3,5eko helburua lortzen ez bada 3.500 milioi euroko eragina izango lukeen plan berezi bat hitzartu nahi dute Europako erakundeek. Gastu desbideraketak gertatuz gero plan hori automatikoki indarrean jartzeko eskatu dute kreditu emaileek, baina Greziako konstituzioak horretarako aukerarik ez duela ematen erantzun diote greziarrek.

Blokeoa gainditze aldera, erabaki politiko bat behar dela uste du Greziak, eta horregatik goi agintariak bilera batera deitzeko eskatuko dio Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteari. Ezezkoa jaso du. Tusken arabera, auzia gobernuburuen eta estatuburuen esku uzteko goizegi da oraindik, eta Finantza ministroek konpon dezaten saiatuko dela erantzun dio Tsiprasi.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.