Berriz itsasoratzera?

Azken asteetan euskal ontziolek bederatzi ontzi eraikitzeko kontratuak lortu dituzte, eta uztaileko giro txarra atzean geratu da'Tax lease'-aren auzia itxiz doa, eta eskaerak egiteko segurtasuna dute inbertitzaileek

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
«Ez da ontziolen aurkako epai bat, jasotako laguntza fiskalen aurkakoa baizik. Orain ontziolak desagertzeko zorian daudela diotenek ikusiko dute hemendik hilabete batzuetara nola eskaera berriak iritsiko diren ontzioletara». Uztailean egin zituen adierazpen horiek Joaquin Almunia Europako Batzordeko Lehia komisarioak, tax lease-aren auziaren behin betiko erabakia eman ondoren. Sektoreak bere osotasunean begi txarrez hartu zuen erabakia, 2000ko hamarkadan ontziak finantzatzeko erabili zen sistema legez kanpokotzat jo, eta inbertitzaileek laguntzak itzuli beharko zituztelako. Zigorrarekin Bizkai eta Gipuzkoako ontzioletara ontzi eskaera gehiagorik ez zela iritsiko esan zuten orduan sindikatu eta patronalek, gutxitan bezala. Une horretako larritasunaren isla izan zen.

Ez dira sei hilabete igaro ontziolen sektorearen iraupena zalantzan jarri zen garaitik. Azken asteetan, ordea, bederatzi ontzi eraikitzeko tratuak egin dituzte Balenciaga —sei ontzi— eta Zamakona —hiru ontzi— enpresek. Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziola, berriz, zazpi ontziren enkargua lortzeko negoziazioetan murgilduta dabil. Almuniak arrazoi zuen orduan? «Segurtasun juridikoa egonez gero, guk ere bagenekien kontratu berriak sar zitezkeela. Baina bi urte inguru eman ditugu eskaeren zerrenda bete gabe», Manolo Velado UGT-Euskadiko ontzioletako arduradunaren esanetan. Kontuak kontu, urte honetan euskal ontzigintzaren sektoreak argi-ilunak utzi ditu. Baina zer gertatu da itxieratik hain gertu egoteari utzi, eta ontzi gehiago eraikitzeko enkarguak jasotzeko?

Tax lease-aren auziaren ebazpena aditzera eman zenetik azarora arte Europako Batzordeak epe bat eman zion Espainiako Gobernuari inbertitzaile bakoitzak zenbat diru itzuli beharko zuten jakinarazteko. 126 milioi euro itzuli beharko zirela esan zuen Espainiako Gobernuak, baina ordura arte EBtik mezu kezkagarriak iritsi ziren sektorera: Espainiako Gobernua ez zela datuen xehetasunak ematen ari. «Epai hori behin betiko itxi, eta tax lease sistema berriarekin lanean hasteko segurtasuna behar da», Veladoren esanetan. Eta berriz ere sektorean batasun irudia ikusi ahal izan zen, gobernuari datuak ahalik eta azkarren aurkeztu zitzan eskatu baitzien. Orain, ordea, egoera argitzen ari da, eta tax lease-aren auzia ixten. Eta horrek positiboki eragin du kontratu berri hauek lortzeko garaian. Hala dio Veladok: «Gauzak argitu dira, eta horrek segurtasuna eman die, bestela ezingo zen 20 milioi euroko inbertsiorik egin».

Baina argi utzi gura izan du UGTko ontzioletako arduradunak Zamakona eta Balenciagaren kontratu berri horien albistea ez dela kasualitatez argitaratu hain azkar. «Halako kontratuak lortzeko denbora asko behar da», dio. Eta Galiziara begiratu du. Orain arte hartzekodunen konkurtsoan zegoen Barreras ontziolako akzioen %51ren jabetza hartu baitu Pemex petrolio konpainiak. Beraz, merkatuan ez zegoen lehiakide «indartsu» bat azaldu da. «Eta Barrerasen eraikiko dituzten ontziak Balenciagan edo Zamakonan egiten dituztenen parekoak dira». Horregatik uste du Veladok eman dutela lortutako kontratuen berri, «merkatuan bizirik» daudela erakusteko.

Eta, oraintxe, sektoreak aurrera jarraitzeko baldintzak betetzen direla dio, «puntako ontziolak baitaude Euskadin». Gainera, inbertitzaile berriak ere azaltzen ari direla nabarmendu du, «tax lease berriarekin ontziak errentagarriak direla erakusten du horrek». Baina Eusko Jaurlaritzari dei egin dio, ahalegin berezia egin dezan ontzi berrietan inbertituko duten eragileen bila. «Aktiboago jokatu behar du Jaurlaritzak, eta bankuak sektorera erakarri». Hori horrela izanez gero, sektoreak aurrera egiteko oinarriak izan ditzakeela uste du Veladok. Inbertitzaileentzako segurtasun giroa sendotzen ari den seinale dira hitz horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.