Iberdrola Renovables ez da ari espero zen emaitzak ematen. Orain hiru urte pasatxo atera zen burtsara, eta, ordutik, lehen hilabetean soilik kotizatu zuten haren akzioek hasierako balioaren gainetik. Egoerari irtenbidea eman nahian, Iberdrolak fusiorako proposamena egin dio berriztagarrien menpeko enpresari. Akordioa uztaileko lehen hamabostaldian ixtea espero dute, orduan izango baita bi enpresetako akziodunen batzar nagusia. Operazioaren bidez 200 milioi euro aurreztea espero du.
«Iberdrola Renovablesen aktiboei balioa eman nahi diegu, merkatuek ez dituztelako behar bezala baloratu burtsara atera zirenetik», azaldu du energia konpainiak ohar baten bidez. Iberdrolaren 0,499 akzioko Renovablesen bat jasoko dute akziodunek. Hau da, 2,978 euroan baloratuko dute berriztagarrien adarreko akzio bakoitza. Azken sei hilabeteetako kotizazioak kontuan hartuta, %16,7ko igoera izango dute, beraz, eta burtsara atera zenetik gaur arteko batez bestekoa eginez gero, %2,7koa. Konparaketa burtsara ateratako lehen egunarekin soilik eginez gero, zenbakiak guztiz bestelakoak dira. 5,3 euroan baloratu ziren lehen egunean. Hala, trukea egiteko %44 murriztuko da hasierako prezioa.
ACSri kalte
Ignacio Sanchez Galanen konpainiak jakinarazi duenez, akziodun txikiei egingo die mesede fusioak. Horren harira, ACSri kalte egiteko asmoa ikusi dute hainbatek fusioaren atzean. Gaur egun, %20,2ko parte-hartzea du hark, eta orain bi aste iragarri zuen Florentino Perez eraikuntza enpresako presidenteak %30en jabe egin nahi zuela. Horrek erosteko eskaintza publikoa egiteko aukera emango lioke. Iberdrolak Iberdrola Renovables bereganatuz gero, %0,7 inguru galduko luke Perezek. Sanchez Galanen eta Perezen arteko ika-mikak areagotu ditzake fusioak. ACSren aspaldiko desioa da Iberdrolaren administrazio kontseiluan sartzea, baina auzitegiek ukatu egin diote orain artean aukera, lehiakide garbia delako.
Berriztagarrien adarra bereganatzea erabaki du Iberdrolak
Fusiorako proposamena egin dio Iberdrola Renovablesi, «akzioei balio handiagoa emateko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu