Merkataritza

Bertako produktuak erosteko 30.000 bonu banatuko ditu Jaurlaritzak

Ehundik gora euro gastatzen dituztenek 50 euro jasoko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotel eta landetxetan erabiltzeko.

Barazki ekologikoen postu bat Iruñean, iaz. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 22a
17:29
Entzun

Eusko Jaurlaritzak On Egin! izeneko bonu batzuk aterako ditu, aldi berean sustatzeko bertako produktuen kontsumoa eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne turismoa. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak gaur Bilbon azaldu duenez, 1.5 milioi euro jarriko ditu, edo, bestela esanda, 50 euroko 30.000 bonu.

Bonua eskatzen dutenek erosketa bakar batean ehundik gora euro gastatu beharko dituzte hiru lurraldeetako jatorri izena, Eusko Labela, jatorri ekologikoko zigilua edo marka berezia duten produktuetan. Erosketa horren truke, 50 euroko bonu bat emango dio Jaurlaritzak, hiru lurraldetako hotel, landetxe edo beste alojamendu turistiko batean gastatzeko.

Planean parte hartu nahi duten ostatu turistikoek gaurtik maiatzaren 22rako epea dute beren interesa azaltzeko. Herritarrek, berriz, apirilaren 19tik aurrera egingo dituzten erosketen gaineko bonua eskatu ahal izango dute, eta ekainaren 1etik 2022ko abenduaren 31 arte izango dute tartea bonua erabiltzeko. Jaurlaritzak webgune hau jarri du martxan kanpainarekin bat egiteko eta bonua erabil daitekeen establezimenduak ikusteko: www.oneginbonoa.eus.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.