MERKATUAK

Beste egun beltz bat burtsetan

Hirugarren atzeraldi baten aukerak beldurra sortu du merkatuetan: burtsak erori egin dira eta igo, berriz,  arrisku sariak.

Madrilgo burtsa. ZIPI, EFE
Iker Aranburu.
2014ko urriaren 16a
11:10
Entzun

Bigarren egunez jarraian jaitsiera handiak izaten ari dira Europako burtsak. Eguna indartsu hasi dute, atzo galdutakoa (%3,55 Bilbok, %3,59  Madrilgo Ibexek eta %3,69 Parisko CACek), baina goiz erdian joeraz aldatu dute, eta behera egin dute nabarmen. Arratsalde hasieran %3,5 ari zen galtzen Madrilgo indize nagusia, %1,75 Pariskoa eta %1,24 Frankfurteko DAX.  Edonola ere, egunaren amaieran zertxobait berreskuratu dira eta azkenean jaitsierak, handiak izanagatik, ez dira izugarriak izan: 1.606,96  puntutan itxi du Bilbokoak (-%1,59). Madrilek %1,72 galdu du, %1,21 Milanek, %0,62 Eurostoxxek, %0,54 Parisek... Salbuespena DAX izan da, %0,13 igo baita.

Akzioen salerosketan ez ezik, finantza merkatuen beste adarretan ere nabari da kezka. Azken hilabeteotan jaitsiera ikusgarriak izan ondoren, berriro gorantz egiten ari dira arrisku sariak. Igoera bereziki handia izan da Espainiarentzat, 25 puntutik gorakoa. Horretan zerikusia izan du Altxorraren azken zor publikoaren enkantea. Hamar urteko bonoaren truke %2,227 ordaindu behar izan du, aurreko enkante batean eskaini behar izan zuen %2,086ren gainetik. Azken hori, bidenabar, bere historian zehar Espainiak zorraren truke inoiz pagatutako interes txikiena izan zen.

Baina interes tasen igoeran ez ezik, eskaeran ere ikusten da inbertsiogileen kezka: aspaldiko partez, Espainiak ezin izan du nahi zuen zor guztia saldu, 3.500 milioi kolokatzeko prest zegoen arren 3.203 milioirekin konformatu behar izan duelako.

Espainiarentzat baino egoera larriagoa da Greziarentzat. Izan ere, Mario Draghik euroa salbatzeko "behar zen guztia" egiteko prest zegoela esan zuenetik erreskate osoaren mamua uxatu zuen Madrilek, eta bere burua gero eta interes txikiagoan finantzatzeko gai izan da. Grezia, ordea, bide erdian harrapatu du merkatuaren gripe honek, EBk eta Nazioarteko Diru Funtsak emandako erreskatetik atera nahi duenean. Hamar urteko Greziaren zorra %9ra iritsi da bigarren merkatuan; halako mailan jarraituz gero, Atenasek ezingo luke bere burua nazioarteko laguntzarik gabe finantzatu. Merkatuen erreakzioa "gehiegizkoa" dela salatu du Gikas Harduvelis Finantza ministroak, eta gogorarazi die ahalegin handiak egin dituela azkenaldian bere egoera onbideratzeko: "OCDEko txapeldunak gara kontu publikoen doikuntzan eta egiturazko erreformetan". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.