Beste era batera ekoizteko aholkularitza izango dute Gipuzkoako enpresek

EHU, Tknika eta Garapenekin akordioa egin du foru aldundiak ahul dauden enpresei adituen laguntza teknikoa emateko

Martin Garitano i-Sare Gipuzkoako lehen mikrosare elektriko adimenduna bisitatzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2015eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kudeaketa eredu berriak ezarri eta ekoizpen modu berriei etekina atera. Gipuzkoako Foru Aldundia sinetsita dago bi tresna horiekin Gipuzkoako hainbat enpresak atzean utz ditzaketela euren ahuldadeak. Dagoeneko martxan dagoen Ekintza Planaren bigarren fasea plazaratu zuten atzo. Diputazioak akordioa egin du EHU, Tknika eta Garapen erakundeekin bi alor horietako adituek esku har dezaten hainbat enpresaren jardueran, plan berriak ezarriz krisiari aurre egin eta norabidea alda dezaten.

Hauek sinatu dute ituna: Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, Ramon Martinez-Murgia Lanbide Heziketako zuzendariak, Pedro Iturbe Lurralde Garapeneko foru zuzendariak eta Fernando Nebreda Garapeneko presidenteak. Aldundiak uste du bultzada nabarmena izan daitekeela enpresen kudeaketa eredu berrien ezarpenean eta ekoizteko modu berrietan espezializatutako adituen laguntza, eta, oinarri horrekin, sare osoa bat ehundu du erakundeokin. Euskal Herriko Unibertsitateak bi milioi euro jasoko ditu eremu akademikoko adituak enpresen eskura jartzeko, egungo ekonomiak dituen «premia berrietara hobeto egokitzen diren kudeaketa ereduak ezartzen laguntzeko».

Lanbide heziketarako eta etengabeko ikaskuntzarako berrikuntza zentro Tknikak, Eusko Jaurlaritzaren ardurapekoak, «arriskuan dauden enpresen ekoizpen lehiakortasuna hobetzeko adituak eskainiko ditu». Zeregin horretarako Foru Aldundiak milioi bat euro jarriko du.

Gainera, Garapenek, Garapen Agentzien Euskal Elkarteak, eskualde mailan koordinatuko ditu enpresen, EHUren eta Tknikaren arteko lan dinamikak, eta, horretarako, 500.000 euroko ekarpena jasoko du.

Leher egindakoak lagundu

Uda aurretik jarri zen abian Ekintza Plana, aldundiak arriskuan zeuden ehun bat enpresaren diagnostikoa egitea agindu zuenean, haien ahuleziak ezagutzeko. Ondoren, irailaren 23an, Diputatuen Kontseiluak 2,5 milioi euroko aurrekontua onartu zuen enpresa horiek profesionalak kontratatu ahal izateko; emaitzen kontuan eragin zuzena duten atalak hobetzeko aukera emango dieten bideragarritasun planetako neurriak ezartzea zen helburua.

Fase hori amaituta, gaur berretsi egin dira Ekintza Plana betetzeko sinatutako hiru hitzarmenak. Orotara, planak sei milioi euroko aurrekontua dauka, eta ekimenaren bigarren fasearekin irtenbideak bilatzen lagundu nahi zaie «hainbeste urte krisian igaro ondoren» susperraldira «leher eginda» iritsi diren enpresei, «aldaketa estrategikoak egiten ez badituzte ezingo baitute aurrera egin indarberritze garai honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.