pentsioak

Beste hilabete bat egin beharko du lan 2016an erretiratu nahi duenak

Hego Euskal Herrian, 65 urte eta lau hilabete egin beharko du lan pentsioaren %100 jaso nahi duenak.

2027rako, 65 urtekoa izango da erretiro aurreratuaren gutxieneko adina. BERRIA
Iker Aranburu.
2015eko abenduaren 30a
14:04
Entzun

2011an indarrean jarritako pentsioen erreformaren ondorioz, 2013tik 2027ra gradualki igoko da erretiroaren adin ofiziala Hego Euskal Herrian, 65 urtetik 67ra. 2013an hasi ziren kotizazio aldiak luzatzen, 65 urte eta hilabete batera igo zelako pentsioaren %100 jasotzeko gutxieneko adina.

2018ra arte urtero hilabete bat igoko da erretiroaren adina, eta urtero bi hilabete hortik aurrera.

Erretiro aurreratua ere atzeratzen ari da erreforma. 2016tik aurrera 63 urte eta lau hilabete izan beharko ditu bere borondatez erretiro aurreratua hartu nahi duenak.  2027rako, 65 urtekoa izango da erretiro aurreratuaren gutxieneko adina. Gutxienez 35 urte kotizatu behar dute aukera hori baliatu nahi dutenek. Pentsio txikiagoa dakar adin ofiziala baino lehen erretiroa hartzeak: jubilazioa hiruhileko bat aurreratzen hasten den aldiro %2 gutxitzen da kotizazio oinarria 38,5 urtetik behera kotizatu dutenentzat, eta %1,625 44,5 urte kotizatu dutenentzat.  

1948tik aurrera jaiotakoei eragiten die erreformak, eta aldaketa berririk ez badago, 1960tik aurrera sortutakoek 67 urte bete arte luzatu beharko dute beren lan bizitza.

Erreforma hori Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak bultzatu zuen, eta CCOOren eta UGTren babesa izan zuen.

Kalkulatzeko epea ere luzatuta

Erretiroaren adina atzeratzearekin batera, pentsioa kalkulatzeko epea ere luzatzen ari da. 2013. urtera arte lan bizitzaren azken hamabost urteak hartzen ziren kontuan pentsioa kalkulatzeko; 2027rako, azken 25 urteak hartuko dira kontuan. 2016tik aurrera kotizatutako azken 19 urteak izango dira erreferentzia. Langile gehienentzat pentsioak txikitzea ekarriko du horrek, lan bizitzako azken urteak izan ohi direlako soldata handienekoak.

2015eko abenduko datuen arabera, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 422.669 erretiratu daude, eta batez beste 1.252 euroko pentsioa jasotzen dute. Hurrengo urteotan litekeena da batez besteko pentsio hori igotzea —soldata handiagoak eta lan bizitza luzeak izan dituztenak hartzen ari delako erretiroa—, baina epe erdian jaisten hastekoa da, PPren garaian egindako azken erreformak sari hori kalkulatzeko prozedurak aldatu zituelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.