Krisia. Murrizketak

BEZa igoko da 2013an

Kontsumoari lotutako zergak igo, eta enpresei kotizazioak jaitsiko dizkie Espainiako Gobernuak2015. urtean erkidegoei ez zaiela defizitik baimenduko esan dio Raxoik Bruselari

Ivan Santamaria.
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Zeharkako zergak igoko ditu Espainiako Gobernuak datorren urtean. Neurri horrek ondorio zuzenak izango ditu Hego Euskal Herrian, BEZaren eta zerga berezien tasak eta antolakuntza finkatzea Madrilen esku dagoelako. Zeharkako zergen igoerarekin batera, gizarte kotizazioen jaitsiera bati atea ireki dio Raxoiren kabineteak; enpresaburu patronalek aspaldi eskatutako neurria da hori.

Luis De Guindos Ekonomia ministroak jakinarazi zuen moldaketa. 2012-2015eko eperako egonkortasun programa eta aurtengo urterako erreforma planak onartu zituen atzo Ministro Kontseiluak. Datorren urteari begira, zerga egituran aldaketak izango zirela iragarri zuen De Guindosek. Kontsumoari lotutako zergak igo eta kotizazioak jaitsiko dira. Bi neurriak batuta, zerga bilketari 8.000 milioi euro gehituko zaizkiola kalkulatu du gobernuak.

Bereak eta bi egin zituen ministroak BEZa propio ez aipatzeko, baina nekez iritsiko da diru bilketa hainbeste handitzera horren tasak igo gabe. Zerga bereziak—tabakoa, alkohola eta erregaiak—dira alternatiba, baina iaz horien bidez 19.000 milioi bildu zirela aintzat hartuta, horiek igotzearekin ez da aski; hala ere, horietan ere igoerak espero dira.

Mariano Raxoi presidenteak eta PPk behin eta berriro ukatu dute BEZa igoko zutela. Aurka azaldu dira galdetu zaien bakoitzean, eta gogor kritikatu zuten orain dela bi urte PSOEk Moncloan tasa %16tik %18ra igotzeko hartu zuen erabakia. De Guindosek aurreratutakoa betetzen bada, zuzeneko eta zeharkako zerga guztiak handituko dituzte popularrek agintaldiaren lehen erdia amaitu baino lehen. Hauteskunde kanpainan eta inbestidura saioan zerga igoera oro baztertu zuen Raxoik.

BEZa igotzeak kontsumo pribatuari egin diezaiokeen kaltea ere gutxietsi zuen ministroak, eta ekonomiak kolpea jasotzeko modua izango duela azaldu zuen. «Depresio egoeretan zeharkako zergak igotzen badira, depresioan sakontzen da. Horregatik utzi da aldaketa 2013. urterako». Bruselari igorritako egonkortasun planaren bide orriak dio Espainiako ekonomia %1,7 jaitsiko dela aurten, eta %0,2 igoko dela heldu den urtean. Horren arabera, kontsumo pribatua ez da suspertuko 2014. urtea arte.

Sarkozyren «BEZ soziala»

Aldaketa fiskalari buruz erantzunak baino gehiago galderak utzi zituen airean Ekonomia ministroak. Nazioarteko Diru Funtsak, OCDEk eta beste erakunde batzuek emandako errezeta neoliberalen artean dago kontsumoari zergak igotzea eta enpresen gizarte kotizazioak jaistea. Antzeko moldaketa batzuei BEZ soziala deitu zaie. Neurriak barne debaluazio baten itxura hartzen du, inportatutako produktuak garestiago egiten dituelako, eta herrialdean bertan egindakoak, berriz, hasiera batean, lehiakorrago bihurtzen ditu. Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea BEZ sozial horren defendatzaile sutsua izan da azken garaietan, herrialdeko industria enpleguak babesteko ekimen gisara.

Ez dago garbi PPk bultzatuko duen eredua zein den. Alemanian eta antzeko neurriak hartu dituzten beste herrialde batzuetan, BEZaren bilketaren parte bat gizarte kotizazioen jaitsiera orekatzeko erabili da. Horrek aldaketa sakona eragingo luke Espainian, orain arte Gizarte Segurantza soilik kotizazioen bidez finantzatu delako. Oraingoz, De Guindosek egindako kalkuluetan neurriaren bidez diru gehiago bildu nahi dela argi geratu da, eta defizita murrizteari lehentasun osoa aitortzen dio gobernuak.

Iritzi kritikoak ere badira. Alde batetik, BEZaren edozein igoerak batez ere errentarik txikienak dituzten herritarrei egiten die kaltea, aberatsa izan edo txiroa izan tasa berdina ordaintzen delako. Bestalde, enpresek ordaindutako kotizazioak orain jaistea ez da arriskurik gabeko urratsa, joan den urtean Gizarte Segurantzak defizita izanda eta langabezia tasa %24tik gora egonda.

Erkidegoei, zero defizit

Egonkortasun planak datozen urteetarako defizit murrizketak jasotzen ditu, eta beste ezusteko desatsegin bat izan dezake erkidegoentzat. Izan ere, 2013. urtean defizita %0,5era mugatzera behartu nahi ditu gobernuak, eta bi urte geroago, 2015ean, ez zaie defizitik izatea baimenduko. Espainiako Gobernuaren helburua 2016. urterako kontuak orekatzea da, Konstituzioari egindako zuzenketak finkatu zuen epea baino lau urte arinago.

Murrizketa eta zerga igoeren bidez defizita aurten 40.000 milioi euro gutxitzea espero du, eta 22.000 milioi datorren urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.