BEZak %3,5era eraman du inflazioa Espainian

5.000 milioi euro beharko lirateke pentsioak gaurkotzeko; Raxoiren gobernuak ez du konpromisorik hartu

xabier martin
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Irailaz geroztik indarrean den BEZaren igoerak —arruntean %18tik 21era, eta murriztuan %8tik 10ra— eragin handia izan du Espainiako inflazioan; irail artekoa %3,5ean jarri da, Espainiako Estatistika Institutuak emandako lehenengo datuen arabera. Hego Euskal Herriko inflazioa bi aste barru emango dute ezagutzera, baina oso litekeena da kopuru bera edo oso antzekoa izatea. Horrenbestez, zortzi hamarren igo da KPI kontsumo prezioen indizea hilabete bakarrean; azken 16 hilabeteetako mailarik gorena da %3,5. Euroguneko herrialdeen inflazioa %2,7koa izan da irailean, abuztuan baino hamarren bat gehiago.

Herenegun onartu zituen Raxoiren gobernuak «krisian egindako eta krisia gainditzeko» aurrekontuak. Inflazioaren datu honek ez du askorik lagunduko, ordea, krisia gainditzen; izan ere, pentsioak KPIarekin gaurkotuz gero, beste 5.000 milioi erabili beharko lituzke gobernuak. Ez du esan egingo ez duenik, baina ezta egingo duenik ere. Pentsioak %1 igoko dituela jakinarazi zuen aurrekontuak aurkeztearekin batera. Igoera hori inflazioaren datuaren arabera egokitu dezake gobernuak, edo ez.

Erosteko ahalmena zuzendu

Gizarte Segurantzak 5.000 milioi euroko kostua izango luke egokitzapena gauzatuz gero; kopuru horren erdia aurtengo erosteko ahalmenaren galera zuzentzeko litzateke, eta beste erdia igoera urtarriletik aurrerako soldatetan isla dadin. Urte amaieran KPIa %3,5 horren gainetik egon daiteke, edonola ere, BEZaren igoerak eragiten jarraituko baitu urtea amaitu arteko hilabeteetan.

Pentsioen auzia Raxoiren gobernuaren buruhauste handienetako bat izango da urtea amaitu artean. Azaroan hauteskundeak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta baita Galizian ere. Raxoiren lurraldean 500.000tik gora dira pentsioa jasotzen dutenak. Gobernuak ez du ahaztuko datua; pentsioak KPIaren arabera gaurkotzeak izugarrizko ahalegina eskatuko dio, nolanahi ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.