Parlamentuan defendatu dute Yolanda Barcinak eta Lourdes Goikoetxeak Espainiako Gobernuarekin urtarrilaren 21ean hitzartutako akordioa. Nafarroako lehendakari eta lehendakariordearen arabera, Volkswagenen 2007tik 2011rako BEZAren itzulketen auzia bere horretan geratuko da eta Nafarroak ez dio ezer ordaindu beharko Espainiari. «Akordioa bidezkoa eta egokia da», esan dute. Goikoetxeak defenditu du negoziazioa oso konplexua izan dela eta irtenbidea «teknikoki baliagarria».
Oposizioko alderdiek akordioa babestu dute, baina zalantzak azaldu dituzte akordioaren osotasunarekin: izan ere, Itun Ekonomikoa berrikusi eta hainbat zerga harmonizatu dira ere bai. PSNko Samuel Carok iradoki du «suhiltzaile piromanoaren tankeran» jokatu duela UPNren gobernuak, aurretik gaizki egindako arazo baten salbatzaile aurkeztuta: «Ura lepoetan duzuela ardura eskatzen duzue orain».
Mesfidantza handiagoa erakutsi dute EH Bilduko bi taldeak. Bilduko Maiorga Ramirezen arabera, konponbidea «behin-behineko tornikete bat da». Aralar NaBaiko Juan Carlos Longasen irudiko, berriz, Barcinak nahiago izan du prozesu luze honetan estatuaren babesa bilatu Parlamentuko taldeekin hitzartu baino: «Horrek Nafarroaren negoziaziorako posizioa ahuldu du».
PPko Ana Beltranen irudiko, «denborak bakoitza bere tokian utzi du». Bere ustez, «argi geratu da nork jokatu duen arduraz, eta nork nahi dituen nafarrak beldurtu. Askok kritikatu dute PP, baina PPren gobernua Nafarroako foraltasunaren defendatzaile handiena da».
Auzitegi Goreneko errekurtsoa
Auzia konplexua bezain erabakigarria izan da. VWren BEZaren itzulketagatik Espainiako Zerga Agentziak 1.513 milioi euro erreklamatzen zizkion Nafarroari. Espainiako Ogasun Ministerioak Auzitegi Gorenera jotzera erabaki zuen eta gatazka sortu zen bi gobernuen artean. Azkenean, urtarrilaren 21ean Itun Ekonomikoaren koordinazio batzordearen baitan adostasunera heldu ziren bi aldeak. Hortik negoziazio batzordera pasatuko da eta Espainiako Gorteek zein Nafarroako Parlamentuak legeak onartu ondotik, PPren gobernuak konpromisoa hartu du Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitea erretiratzeko. «Espero dugu akordio horiek babestuko dituzuela talde guztiok», esan du Goikoetxeak.