Iazko uztailean nabarmen jaitsi ziren auto salmentak. Auto berria erosteko 2000E plana kendu eta BEZa igo egin zen hilabete horretan, eta golpe handia jaso zuen sektoreak. Orduz gerotik burua ezin altxatuta dabil. Pentsa zitekeen aurtengo uztaileko datuak hobeak izango zirela, bi eragin horiek atzean geratuko zirelako konparaketak egiterakoan. Datuek, ordea, bestelako egoera erakutsi dute. Beherakada izan da auten ere. Hego Euskal Herrian %9,3 jaitsi dira matrikulazioakuztailean. Denera, 3.577 auto saldu dira kontzesionarioetan;haientzat urteko hilabeterik onena uztaila izaten da.
Gipuzkoa izan da goranzko joera erakutsi duen lurralde bakarra. Uztailean, 954 auto saldu ziren, joan den urtean baino %12,7 gehiago. Txanponaren beste aldean Araba dago: 582 saldu ziren, %22,9ko gutxiago. Biztanleriaren proportzioan, Bizkaia izan da gehien saldu duen lurraldea: 1.425 auto, baina iazkoarekin alderatuz gero, salmentak %15,1 jaitsi dira. Azkenik, Nafarroan 616 auto matrikulatu dira, iaz baino %7,2 gutxiago.
Urte hasieratik pilatutako datuak kontuan hartuz gero, are handiagoak dira jaitsierak, iazko lehen hilabeetarako 2000E planeko laguntzak zeudelako, eta aurten ez. 25.352 auto saldu dira urtarriletik uztailera bitarte, iaz epe horretan saldutakoa baino %30,2 gutxiago. Jaitsiera apalena izan duen lurraldea Gipuzkoa izan da, %23rekin. Bizkaian %29,6 auto gutxiago saldu dira aurten; Araban, %34,3 gutxiago; eta Nafarroan, iaz baino %35 gutxiago.
Beherakadak beherakada, marka batzuek besteek baino hobeto eutsi diete salmentei. Hego Euskal Herriko erosleek gogokoen dituzten marken artean Ford eta Opel daude. Ondotik Citroen, Renault, Wolkswagen, Peugeot eta Nissan konpainiak datoz.
Egoera ikusita, susperraldia gertatuko den itxaropenik ia ez dute saltzaileek. Hala azaldu du Juan Antonio Sanchezek, Espainiako Ganvam auto saltzaileen patronaleko presidenteak —hango kide dira Hego EuskalHerriko kontzesionario asko—. «Egoerak berdin jarraituko du, kontsumitzaileen konfiantza berreskuratu ezean», azaldu du.
Autoen eskaerak gorantz egin dezan, adierazle makroekonomikoek ere goranzko joera erakutsi beharko dute, Sanchezen iritziz. Uztaileko datua iazko %40,6ko beherapenaren jarraipen modura ikusten du Sanchezek, eta sektorea minimo historikoetan dagoela jakinarazi du. Ganvamek behin eta berriro eskatu dio Espainiako Gobernuari autoak erosteko laguntzak berriro martxan jartzeko.
BEZaren eta laguntzen eragina kenduta ere, jaitsi egin dira matrikulazioak
Iazko salmentekin konparatuta, %9,3 auto gutxiago saldu dira uztailean Hego Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu