BEZaren igoerak %3,3ra altxatu du inflazioa irailean

Espainiako Gobernuak ez du argitu pentsioen erosteko ahalmena konpentsatuko duen edo ez

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
BEZaren igoerak eta sendagaien garestitzeen ondorioz, prezioak %1,1 igo dira irailean. Hala, urte arteko inflazioa %3,3ra heldu da; mailarik handiena da iazko udaberriaz geroztik. Hurrengo hilabeteotan inflazioa jaistea espero du Espainiako Gobernuak. Horren behar gorria dauka; izan ere, gaur egungo datuak kontuan hartuta, 5.000 milioi beharko luke pentsioen erosteko ahalmena izaten ari den galera estaltzeko. Faktura zenbatekoa izango den jakin arte, ez du argituko konpentsazioa pagatuko duen edo ez.

Espainiako Gobernuak %1 igo zituen pentsioak urte hasieran, inflazioa hura izango zela kalkulatu zuelako. Espainian, ordea, inflazioa %3,4ra heldua da jadanik. Legeak dio alde hori berdindu behar duela estatuak, azaroko KPI Kontsumo Prezioen Indizearen arabera. Krisiaren aurretik automatikoki egiten zen, baina korapilatsuagoa da orain, Madril kosta ahala kosta ari delako bere defizit publikoa gutxitu nahian. Kalte-ordaina emateak ia ezinezkoegingo luke gobernu zentralak %4,5eko defizitaren mugatik ez pasatzea: 5.000 milioik, gutxi gorabehera 0,5 puntu gehituko lizkioke defizitari, eta jada %4,7koa zuen urte erdian. Pentsiodunak zigortzea, ordea, kostu politiko handiko erabakia da, batez ere orain, PPk Galiziako Xunta jokoan duenean.

Horregatik, konpentsazioari buruzko mezu anbiguoak bidaltzen jarraitzen du Madril. Atzo, Fernando Jimenez Latorre Ekonomiako Estatu idazkari nagusiak berretsi zuen azaroko datua jakin arte ez dutela erabakirik hartuko. Edonola ere, konpentsazioa 5.000 milioi euro baino txikiagoa izatea espero du, urtea amaitu bitartean inflazioak behera egin beharko lukeelako. Besteak beste, argindarraren prezio ofiziala jaitsi delako urrian, eta erregaiak garestitzerik ez du espero.

Madrilek badauka beste aukera bat: zergak kontuan hartzen ez dituen KPIaren aldaera ezartzea. Irailean, behera egin du horrek: %2,6tik %1,4ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.