Irailaren 1erako iragarrita zegoen BEZaren igoerak erosleak mugiarazi ditu. Abuztuko azken egunak merkatuan dauden hainbat produktu prezio merkeagoan erosteko baliatu dituzte askok, eta halaxe gertatu da autoen salmentarekin ere. «Azken urteetako abuztu hoberena». Aurtengoa halakoa izan dela dio Jon Tolaretxipik, Easo Motor kontzesionarioko zuzendariak. Hego Euskal Herrian abuztuan 2.656 auto matrikulatu dituzte, iazko epe berean baino 495 auto gehiago—%20tik gora—. Ganvam Espainiako auto saltzaileen patronalak eman zituen atzo datuok.
Auto saltzaileek nabaritu dute zerga igo aurreko egunetan gehiago saldu dela. Tolaretxipik dioenez, bereziki hileko azken hamar egunetan BEZaren igoerari aurrea hartu nahi izan diote erosleek. Gehien saldu direnak, bere kasuan, erdi mailako autoak izan dira: Focus eta C-Max monobolumen txikiak. BEZa %18tik %21era igo da autoen kasuan, eta, beraz, igoeraren aurretik erosita 300-600 euro gutxiago ordaindu dituzte erosle gehienek. Autowag kontzesionarioan, esaterako, iazko abuztuan baino %40 gehiago saldu dute aurten. Igor Aranburu salmenta buruaren arabera, normalean uztaila izaten da auto salmentetarako hilabete ona.
Oro har, salmenten igoera nabaritu bada ere, zenbait markak prezioak ez dituztela igoko iragartzearen ondorioz, erosle batzuek ez dute autoa erosteko presarik izan.
Laguntza eske
Lurralde guztietan egin du gora autoen matrikulazio kopuruak. Gipuzkoan %29,6igo da (643 auto saldu dira), Bizkaian %21,8 (1.035 auto), Araban %5,8 (310) eta Nafarroan %16 (668). Urte hasieratik abuztura bitarte matrikulatutako auto kopurua, ordea, iazkoa baino txikiagoa da. Erosketak aurreratzeak «geldialdia» ekarriko du ezinbestean. Auto saltzaileek ez dituzte hilabete oparoak aurreikusten, ez behintzat hurrengo biak. Urte amaierarako egoera «normalizatzea» espero dute, eta BEZaren igoerak ekarri dituen prezioekin erosleak «ohitu» egingo direla iritzi dio Aranburuk: «Ez dago beste erremediorik».
Prezioak igotzearekin batera, erosle askoren ahalmen ekonomikoa beherantz doala ohartarazi du Aldikar kontzesionarioko Iñaki Badiolak. Haren arabera,«autoak erosteko diru laguntzarik ez badago zaila izango da salmentei eustea». Auto saltzaileak halako neurriak eskatu arren, atzo bertan Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak baztertu egin zuen 2013an Renove planik martxan jartzeko aukera; «ez dago baliabiderik». Auto zaharra erretiratu eta berria erosten zutenek laguntza jasotzen zuten plan horrekin.
BEZaren igoeraren ondorioz, autoen salmenta %20 igo da abuztuan
Hego Euskal Herrian iazko epe berean baino ia 500 auto gehiago saldu dira, baina azaroa bitarte jaitsiera espero da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu