Europako Batasuneko agintariek bi urte daramatzate zorraren krisia konponbidean jarri nahian. Asko hitz egin dute, asko agindu, baina hartutako erabaki apurrek ez dute ezertarako balio izan, ez dutelako arazoa hedatzea galarazi. Hori hala, adabakiak jartzeari utzi eta errotikako aldaketak egiteko garaia dela erabaki dute euroguneari bultzaka ari diren bi agintariek, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, baita orain arte ukatutakoak onartu behar badituzte ere. Zurrumurruek diote Merkel ere prest legokeela Europako Banku Zentralari nahi adina zor publiko erosteko baimena emateko.
Inork gutxik uste zuen Merkelek amore emango zuenik, bera izan delako EBZk euroguneko prezioak egonkor mantentzeko betebehar bakarra izatearen defendatzailerik sutsuena. Die Welt am Sonntag argitalpen alemaniarraren arabera, baina, egoeraren larritasunak bultzatuta eta Sarkozyren laguntzarekin, iritziz aldatu du Merkelek, egonkortasunerako itun berri bat egitearen truke. Itunak ez luke EBko 27 herrialdeen babesik beharko, herrialdeen arteko akordio bidez egingo litzatekeelako. Akordio horretan parte hartzen duen herrialdeek defizit publikoari jarritako muga zorrotz errespetatu beharko lukete eta nazioarteko ikuskatzaileek aurrekontuak kontrolatzea onartu beharko lukete. Ordainetan, EBZren laguntza jasoko luke, laguntza iraunkor eta mugarik gabea. Herrialde horiek jaulkitako zorraren interesa baxu mantentzeko egin beharreko guztia egingo luke erakundeak.
Egunkari alemaniarraren arabera, supereuroparren kluba edo «aurreztaileen koalizioa sortzea litzatzeke Sarkozyren eta Merkelen asmoa, bi abiadurako eurogunea sortzea, hain zuzen.Okerrik ezean, abenduaren 9an EBko gobernuburuek egingo duten goi bileran aurkeztuko lukete proposamena. Akordio horrek indarrik gabeutziko luke iragan astean eurobonuak sortzeko Europako Batzordeak egindako proposamena.
Alemaniako prentsaren arabera, baina, beste zenbait aukera aztertzen ere ariko lirateke. Die Welt-ek kaleratu duenez, kreditu kaudimen gorena —AAA— duten herrialdeek —Alemania, Frantzia, Finlandia, Herbehereak, Luxenburgo eta Austria— elkarren zor bonuak erostea eta zor jaulkipen bateratuak egitea litzateke Alemaniako Gobernua aztertzen ari den aukeretako beste bat. Lortzen duten dirua beren burua finantzatzeko erabiliko lukete, batetik; eta Italiari, Espainiari eta arazoak dituzten beste zenbait herrialderi laguntza emateko eta europako egonkortasunerako funtsa finantzatzeko, bestetik. Bonu bateratu horien interesa %2 eta %2,5 arteko izango litzatekeela ere aurreratu du egunkariak. Alemaniako Gobernuak, ordea, gezurtatu egin du informazioa.
Jean Claude Juncker euroguneko finantza ministroen taldeko presidentearentzat, baina, «hanka-sartzea litzateke eurogunea artifizialki bi taldetan banatzea», eta are gehiago banaketa hori egiteko Lisboako Itunak eskaintzen ez dituen tresnak sortzea.
Aurreztaileen koalizioa sortzeko ideiak euforia eragin zuen burtsetan. Zor merkatuetan, aldiz, arazoak dituzten herrialdeei presio egiten jarraitu zuten inbertsiogileek. Belgikako Altxorrak %5,8ko interesa agindu behar izan zuen hamar urterako bonuen truke—aurreko enkantean %4,37 agindu zuen— eta Italiakoak %7,3koa hamabost urterako tituluen truke, azken hamalau urteotako errentagarritasun handiena. Greziak ere diru arazo larriak ditu, oraindik lehen erreskatearen seigarren zatia jaso gabe jarraitzen duelako.
Zorraren krisia
Bi abiadurako eurogunea diseinatzen ari dira Sarkozy eta Merkel
Berlinek ukatu egin du kaudimen maila gorena duten herrialdeek bonu bateratuak jaulkitzea aztertzen ari dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu