'Tax lease' sistemaren amaierari oso modu desberdinean ari dira erantzuten Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziolak. Muruetak ez ezik, azken asteotan kontratuak iragarri dituzte Balenciagak (Zumaia) eta Zamakonak (Santurtzi eta Pasaia). Egoera askoz okerragoa da ontziolarik handienean, Sestaoko Navalen: hiru urtetik gora dira azken enkargua jaso zuenetik. Langile gehienak erregulazioan daude, eta sindikatuak beldur dira enpresa itxiko ote duen. Mobilizazioekin hasi dira.
Halakorik ez dute egin beharko Muruetan, eskaera zorroa betetzen ari baitira. Gaur egun lau atunontzi eraikitzen ari dira, eta aurki hasiko dira beste bi ontzirekin: 77 metro luze izango dira, eta 2015eko azaroan eta 2016ko apirilean entregatu behar ditu. CFTO Compagnie Française de Thon Oceaniquek kontratatu ditu. Concarneauko portuan (Konk-Kerne, Bretainia) egoitza du enpresa horrek, eta dozena bat atunontziren jabe da. Afrikako uretan aritzen da nagusiki, Abidjandik (Boli Kosta) abiatuta Atlantikoan, eta Seychellestik Indikoan.
Joan den abenduaren 18an, Zamakonak iragarri zuen hiru ontzi eraiki behar zituela Pasaian, eta beste bi Santurtzin. Abenduan ere Balenciagak jakinarazi zuen petrolio plataformetara hurbiltzeko sei ontzi egingo zituela, Eskoziako enpresa batentzat.