GREZIA

Bi aukera eta hamaika galdera erreferendumaren atarian

Hartzekodunek erreskatea luzatzeko eginiko proposamena onartu edo baztertu. Aukera hori egin beharko dute igandean Greziako herritarrek, erreferendum bidez. Inkestek pare-parean jarri dituzte bi aukerak, eta mobilizazioetan jende gehiago batu da proposamen horri ezezkoa ematearen alde. Batzuek nahiz besteek, ordea, galdera bera buruan dutela emango dute botoa: astelehenean, zer?.

Pentsiodun bat Atenasko banketxe batean zain. ARMANDO BABANI / EFE
jon olano
2015eko uztailaren 4a
09:10
Entzun

Astelehenean, ezer gutxi da ziurra. Ordura arteko likidezia dute bankuek, baina ez hortik aurrerakoa, Greziako Bankuen Elkarteko presidente Louka Katselik ostiralean jakinarazi zuenez. Europako Banku Zentrala egun horretan da biltzekoa, Greziaren egoera aztertzeko. Bilera horretan, EBZk erabaki beharko du urgentziazko likidezia eman edo ez Greziako bankuei.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak erreferenduma iragarri zuenetik, jarrera ezberdinak adierazi zituzten, esaterako, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Francois Hollande Frantziako presidenteak. Erreferenduma igaro arte negoziazioak etetearen alde egin zuen Merkelek, eta akordioa lehenbailehen lortzearen alde Hollandek. Eurotaldeak Merkelen ildotik jo du.

Beraz, baiezkoa edo ezezkoa gailentzearen araberakoa izango da Greziaren eta Europako Batasunaren etorkizun politiko eta ekonomikoa. Kanpainan, Tsiprasek ezezko botoa emateko eskatu die herritarrei, argudiatuz negoziazio mahaian Greziaren posizioa indartuko lukeela horrek. Baiezkoak irabaziz gero, ordea, dimisioa eman dezaketela iradoki dute azken egunotan Tsiprasek eta Giannis Varufakis Greziako Finantza ministroak. Tsiprasek behin eta berriz esan du erreferendumak ez duela kolokan jartzen Greziak eurogunean jarraitzea, baina galdeketa dikotomia horretara eraman dute Greziako oposizioak eta eurotaldeko hainbat kidek.

Zorra, "eramanezina"; proposamena, "onartezina"

Hartzekodunen azken proposamena onartezintzat jota egin du Tsiprasek erreferendumaren aldeko apustua. Ekainaren 30ean itzuli behar zizkion Greziak Nazioarteko Diru Funtsari 1.600 milioi euro, aldi berean erreskatea luzatzeko eztabaida mahai gainean zutela. Erreskatea luzatzeko hartzekodunek aurkeztutako baldintzek "marra gorriak" gainditzen zituelakoan jo du Tsiprasek erreferendumera.

Nazioarteko Diru Funtsean ezusteko bazkidea topatu du azken egunotan Tsiprasek. NDFk, txosten batean, ziurtatu du ezinbestekoa dela Greziari zorpetzea arintzea, finantzaketa behar berrien ondorioz. Ekonomia oso ahul badago 53.000 milioi barkatzeko aukera proposatu du. Tsiprasen gobernuak behin eta berriro exijitu du akordio horren barruan zorra berregituratzeko prozedurak ezartzea, eta NDFren analisiak eskaera hori justifikatuko luke.

Europarekiko harremana, erreferenduma, erreskatearen negoziazioa... eta Greziako krisiari beste aldagai bat gehitu zaio azken egunotan; corralito-a. Bankuak astebetez itxita egotea erabaki zuen Greziako Gobernuak, eta gehienez ere 60 euro atera ahal izatea egun bakoitzeko eta banku txartel bakoitzeko. Asteartean kontrol horiek kentzea da aurreikuspena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.