Autoglas-Glavistako langileena bi enpresa multinazionalen arteko tirabiretan kaltetutakoen istorio bat da. Hainbat salerosketa, negoziazio eta iritzi aldaketaren ostean, lanik gabe geratuko direnak Laudioko plantako 240 operariak izango dira.
AEBetako Guardian enpresa multinazionalarena zen Laudioko lantegia. Bi planta zituen: beira fabrika bat, berrehun langile eskasekin, eta autoetarako kristalezko piezak egiten zituztena bestea, 240 langilerekin. Baina, 2020an, pandemia betean, Guardianek Suitzako Partner Capital funts putreari saldu zion bigarrena, Autoglas Opco enpresaren bitartez. Hala, planta hori Autoglas enpresa hasi zen kudeatzen, baina Glavista markarekin jarraitzen zuen produktuak saltzen.
Erosketaren ostean hasi ziren arazoak. Iker Olazabal ELAren Aiaraldeko Industria arduradunak azaldu du «likidezia arazo handiak» izaten hasi zela enpresa, eta inbertitzaileek ez zutela dirurik «injektatzen»: «Hiltzen utzi zuten». Lehengaiak lortzeko arazoak ere izan zituzten, eta, horregatik, aldi baterako erregulazioa aurkeztera bultzatu zuen enpresa, 2022ko azaroan.
Lantegiak bazuen eroslerik
Iazko azarotik, planta geldirik dago, eta 2023ko martxoan, egoera ikusita, hartzekodunen konkurtsoa egin zuten. Bazirudien kale gorria zela lantegiaren eta langileen etorkizuna, baina enpresa erosteko eskaintza bat egin zuen Guardianeko zuzendari ohi batek: Javier Garciak.
Inbertsiogileak zituen, eta proiektu berriak enpleguari eta jardunari eutsiko zion. Hilabeteetako amesgaiztoaren amaiera zirudien, eta lanera itzultzeko data eta guzti zuten: uztailaren 4a. Hala ere, Olazabalen arabera, astebete lehenago dena pikutara joan zen, Guardianek ez baitzion Garciari lurra saldu nahi.
Proiektua aurrera eramateko Garciak zuen baldintza bakarra dena erostea zen: negozioa, lantegia eta lurra. Negoziatzen ibili dira, baina batak ez du orubea saldu nahi, eta besteak ez du lantegia berriro martxan jarri nahi baldin eta lurra bere izenean ez badago.
Olazabalen arabera, bai Guardianen eta bai Partner Capitalen asmoen arabera mugitu dira negoziazioak, eta uste du bien jarreragatik joango direla kalera 240 langileak. Eusko Jaurlaritza sartu da orain jokoan, baina Olazabalek ez du uste planta berriro irekitzeko aukera egongo denik.
Bi enpresa handiren arteko tirabiren albo kalteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu