Lan istripua

Bi garraiolari hil dira, bata Olaberrian eta bestea Sunbillan

Arcelor Mittaleko Olaberriako lantegian izan da lehen istripua; bere kamioak harrapatuta zendu da gidaria. Sunbillako ezbeharrean, langilea egurra biltzen ari zen.

Garraiolari bat, Arcelor-Mittalek Olaberrian duen lantegira sartzen. IDOIA ZABALETA, FOKU
Iker Aranburu - Jokin Sagarzazu
2020ko urtarrilaren 22a
21:39
Entzun

Bi garraiolari hil dira asteazken honetan: bata, Olaberriako (Gipuzkoa) Arcelor Mittalen lantegian, eta bestea, Sunbillako (Nafarroa) Añerdi auzoan.

LAB sindikatuak azaldutako lehen datuen arabera, Olaberrian hildako garraiolaria zamalanak egiten ari zen Arcelor Mittalen altzairutegian. Une horretan, argitu ez duten arrazoiren bat dela medio, bere ibilgailua gainera erori zaio, eta beste kamioi baten aurka zanpatu du. Kamioilaria berehala zendu da. Enpresak azaldu duenez, portugaldarra zen, eta Santillan garraio enpresarentzat egiten zuen lan. LABek gogorarazi du Olaberriko Arcelor Mittalen 2013an antzeko beste ezbehar bat izan zela .

Sunbillan hildako garraiolaria, berriz, egurra biltzen ari zen Añerdi auzoan, pala kamioi batekin. 52 urte zituen, eta Doneztebekoa (Nafarroa) zen. 15:40 aldean gertatu da istripua. Jazoeraren ingurukoak ikertzen ari da Foruzaingoa. Lehen ikerketen arabera, «harrapatuta» hil da.

LABek «gogor» salatu ditu langileon heriotzak. Haren datuen arabera, urtea hasi zenetik zortzi lagun hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela. Iaz, sindikatu horren beraren arabera, 44 hil ziren, aurreko urtean baino heren bat gutxiago.

«Sarraskiak» geldiarazteko neurriak eskatu ditu LABek, eta erakundeen jarrera salatu. «Non daude gobernuetako arduradunak heriotza horiek salatzeko? Zer aldaketa egiteko eta zer pauso emateko prest daude egoera eta eredu kriminal hau geldiarazteko?», galdetu du. Iragarri duenez, datozen orduotan «erantzun zabal bat» ematen saiatuko dira sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.