Albistea entzun

Lanean hildakoen kopuruak heren bat egin du behera 2019. urtean Euskal Herrian

LABen zenbaketaren arabera, 2019an 44 langile hil ziren beharrean ari zirela, aurreko urtean baino 24 gutxiago. Azken bost urteetako kopururik txikiena da
Tubacexeko langileak Laudioko plaza batean bilduta, lankide baten heriotza salatzeko, joan den uztailean.
Tubacexeko langileak Laudioko plaza batean bilduta, lankide baten heriotza salatzeko, joan den uztailean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2020ko urtarrilak 2

2018ko igoera handiaren ondoren, berriro behera egin du lanean hildakoen kopuruak. LABen zenbaketaren arabera, iaz 44 lagun hil ziren Euskal Herrian beharrean ari zirela, 2018an baino 24 gutxiago (-%35). Berez, 42 dira Euskal Herrian hildakoak, baina sindikatuak zenbatu egin ditu lan bidaietan hildako beste bi, bata Kemperlen (Bretainia) eta bestea Tolucan (Mexiko).

Hilen kopurua azken bost urteetako txikiena da. Betiere LABen zenbaketaren arabera, 2015-2017 epean egonkorra izan zen kopurua, 53-54 hildako inguru, baina 2018an igoera nabarmena izan zuen; 68ra heldu zen.

Krisiaren aurretik, gora egin zuen lanean hildakoen kopuruak, besteak beste eraikuntzak jarduera handiko urteak izan zituelako, eta sektore horrek eragiten dituelako ezbehar gehien. 2007an, esaterako, 125 langile hil ziren beharrean ari zirela, eta 112 hurrengo urteetan.

Jarduera ekonomikoak behera egin ahala jaitsi zen hildakoen kopurua ere, eta 2013an eta 2014an 35 izan ziren. Eragile sozialak ez dira ados jartzen neurtzean jaitsiera horretan zer pisu duten prebentzio neurriek eta formakuntzak; patronalak dio jaitsierak enpresen engaiamendua erakusten duela, baina sindikatuek ez dute onartzen halakorik, eta enpresaburuek sustatutako prekaritate handiari egozten dizkiote ezbeharrak.

LABen datuek diotenez, 44 hiletatik hamabostek heriotza ez-traumatikoa izan zuten, hau da, naturaltzat jotako arrazoiengatik hil ziren. Heriotza horiek ere lanarekin lotzen dituzte sindikatuek, laneko baldintzek eraginak direla uste baitute. Beste bost langile in itinere izan ziren, hots, lanerako bidean edo lanetik etxerako bidean trafiko ezbeharra izanda.

Hamalauna hil izan ziren Bizkaian eta Nafarroan, bederatzi Gipuzkoan, bost Araban, eta bakar bat ere ez Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Intzidentzia behera

Lan osasunari buruzko datu ofizial eguneraturik ez dago Euskal Herri osorako. Osalanek ditu daturik osotuenak, Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari buruzkoak. Horien arabera, lan istripuen kopuruak gora egin zuen 2019ko lehen 11 hilabeteetan: gaixo baimena eragin duten ezbeharrak 34.124 izan dira, 2018an baino 2.600 gehiago (31.500). Horietatik %72 izan dira gizonezkoak, eta %28 emakumezkoak.

Baina, jarduera ekonomikoak eta langile kopuruak gora egin dutenez, Osalanek dio lan istripuen intzidentziak behera egin zuela iaz: gaixo baimena eragin duten ezbeharrak 33 izan dira mila langileko; 2018an, 35 izan ziren.

Jaitsiera nagusia eraikuntzan gertatu da, proportzionalki istripu gehien eragiten dituen sektorean: mila langileko 75ek izan zuten lanera joan ez zitezela eragin zuen ezbeharren bat, eta iaz 64 izan ziren. Gizonezkoak izanik sektore horretako gehienak, ez da harritzekoa istripuen intzidentzia handiagoa izatea gizonezkoen artean (milako 47), emakumeen artean baino (milako 17).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nekazal landak, Berangon. ©Aritz Loiola / FOKU

Elikagai ekologikoen kontsumoak ez du atzera egin

Maddi Iztueta Olano

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazaritza lurren %4,6 erabiltzen dira nekazaritza ekologikorako. Helburua 2030. urterako Europako nekazaritza lurren %25 ekologikoa izatea da.

Iruñeko Volkswagenen aparkalekua, amaitu gabeko autoz beteta, artxiboko irudi batean. ©Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako ekonomiaren moteltzea baieztatu du Nastatek

Iker Aranburu

Urteko bigarren hiruhilekoan %5,9 handitu ziren soldatapekoen diru sarrerak, eta %14,5 enpresen eta autonomoen irabaziak.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria Gasteizen gaur eginiko aurkezpenean ©Berria

Hego Euskal Herriak 2.135 milioi jaso ditu Next Generation funtsetik

Jokin Sagarzazu

Espainiako Gobernuak azaldu duenez, 2.800 onuradun izan dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...