Bi langile hil dira asteburuan: garraiolari bat eta autonomo bat

Gidariari bihotzeko batek eman zion Katalunian, eta autonomoa garbiketa makina batek harrapatu zuen Gasteizen. LAB sindikatuaren arabera, hogei langile hil dira aurten.

ELAk lan ikuskari gehiago eskatzeko eginiko protesta. BERRIA
ELAk lan ikuskari gehiago eskatzeko eginiko protesta. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko apirilaren 15a
16:25
Entzun

Iragan asteburuan euren lanpostuetan zeuden bi langile hil ziren. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, astelehenean 59 urteko kamioilari iruindar bat hilik aurkitu zuten Lleidan. Belgikako enpresa batentzat ziharduen lanean, eta, antza denez, bihotzekoak jota hil zen. Aurten lanorduetan hildako seigarren garraiolaria da.

Beste hildakoa Gasteizko etxe bat garbitzen ari zen autonomo bat izan zen. 54 urte zituen, eta maneiatzen ari zen makinaren azpian harrapatuta gelditu zen. Makinak zauri larriak eragin zizkion, eta, ospitalean egun batzuk egin ondoren, asteburuan hil zen.

Aurten hildako hogei langileetako sei garraiolariak ziren. LABek salatu du haien lan baldintzak «koktel perfektua» direla bihotzeko arazoak garatzeko

LABen arabera, aurten hogei langile hil dira euren lanpostuetan. Halaber, azken hildakoen kolektiboen prekaritatea salatu du. Garraiolarien kasuan, iritzi dio haien lan baldintzak «koktel perfektua» direla bihotzeko arazoak izateko; autonomoen inguruan, berriz, salatu du askotan arriskuan lan egin behar izaten dutela enplegua ez galtzeko.

ELAk 120 ikuskari eskatu ditu

ELA sindikatuak lan ikuskari kopurua handitzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Egun 54 ikuskari eta inspektoreorde ditu Enplegu Sailak, eta kopuru hori 120raino igo beharko lukeela uste du sindikatuak. ELAk azaldu du «gaizki burututako eskuduntza» baten eraginez Jaurlaritzak ezin duela bere kasa handitu ikuskari kopurua, eta Espainiako Gobernuarekin adostu behar duela. Kopuru hori eztabaidatu bitartean, 50 langilez osatutako «unitate berezi bat» osatzea iradoki dio ikuskaritzari laguntzeko. Ekonomikoki onargarria dela uste du, ELAren kalkuluen arabera, egun aurrekontu publikoen %0,01 bakarrik bideratzen baita lan osasunaren prebentziora.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.