Bi langile hil ziren atzo: bata, Bergaran, errepidean istripua izanda; bestea, berriz, Igorren, lantokian zela ondoezik sentitu ostean. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Bergaran zendutako langileak 51 urte zituen eta hango Udaleko brigadako behargina zen. 11:30ak aldera izan zuen ezbeharra. Lankide batekin batera autoan zioan laneko zeregin bat betetzera eta Pesa konpainiako autobus baten kontra jo zuen aurrez aurre. Beharginetako bat istripuaren lekuan bertan hil zen eta bestea zauri larriekin eraman zuten Arrasateko erietxera.
Bigarren hildakoak, berriz, 48 urte zituen eta Ormazabal taldeak Igorren duen Tecnichapa enpresako segurtasunaz arduratzen zen,Securitas Seguridad España enpresako langilea baitzen. Beharginak guardiako ikuskatzaileari deitu zion ondoezik zegoela jakinarazteko eta harekin hizketan ari zela konortea galdu zuen. Osasun zerbitzuetako kideak iritsi eta berehala zendu zen.
LABen arabera, iragan igandean ere ondoezik sentitu zen langilea eta anbulantzian eraman zuten ospitalera. Egun batzuk bajan egon ostean, asteazken gauean hasi ei zen berriz lanean.
Gaur, 11:15etan, elkarretaratzea egingo dute Bergarako plazan eta 13:00etatik 15:00etara geldialdia egingo dute Udaleko langileek. Igorren hildakoaren lankideek, berriz, batzarra egingo dute.
Bi langile hil dira: Bergaran bata eta Igorren bestea
Bergarakoa lanean ari zela auto istripu bat izanda hil da; Igorrekoa, berriz, ondoezik sentitu ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu