Forondako aireportuan bidaiarien hegaldiak izango dira urriaren 28tik martxoaren 29ra. Gasteiz-Bartzelona lotura egingo dute Malagako Hellit prezio baxuko enpresaren (Espainia) hegaldiek. VIA Forondako aireportua sustatzeko sozietatearen eta Helliten arteko elkarrizketen bidez gauzatu da akordioa.
Egunero, hegaldi bana izango da noranzko bakoitzean. Nolanahi ere, enpresak ez du baztertzen epea luzatzea edota hegaldi gehiago jartzea. Hori bidaiarien erantzunaren arabera egingo dutela adierazi du.
Ordu eta hogei minutu inguruko hegaldia izango da. 45,30 eta 56,34 euro artean balio du bidaiatxartelak, Helliten webgunean erosita. Gasteiztik Bartzelonarako hegaldia 15:55ean atera eta 17:15ean iritsiko da. Kontrako noranzkoan 14:15ean irtengo da hegaldia, eta 15:25ean iritsiko da.
Orain arte, oro har, karga hegaldiak izaten dira Forondan, baita charter hegaldi batzuk ere. Helliten hegaldiekin aireportuko ordutegia zabaldu beharko dute. Izan ere, Espainiako aireportuak kudeatzeko AENA Aeropuertos sozietate publikoa eta Sustapen Ministerioak ekainean erabaki zuten Forondaren ordutegia astean 60 ordura mugatzea. Gauez bakarrik aritzera behartu zuten abuztuaren 23tik aurrera, 20:30etik 08:30era. Baina orain, erabaki horretan atzera egin, eta ordutegia zabaldu beharko dute.
Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du Hellitek ez duela Forondan lan egiteko diru laguntzarik jaso, nahiz eta enpresak ez duen zehaztu ezer. Aldundiak dio hegaldi horiekin baieztatu dela Forondan bidaiarien hegaldien egiazko eskaera dagoela, eta espero du AENAk ordutegia murriztean malgutasuna izango duela.
Bidaiarien hegaldiak izango dira berriro Forondan, urritik aurrera
Aireportuko ordutegia zabaldu beharko dute Gasteiz-Bartzelona lotura egingo duten hegaldiei erantzuteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu