Lan eskubideak

Bidegabetzat jo dute bajan zegoen langile bat rock kontzertu batean jotzen aritzeagatik kaleratzea

Enpresak berriz hartu beharko du, edo 95.430 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio. EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin du langileak jarritako errekurtsoa.

Gipuzkoako metalgintza
Gipuzkoako metalurgiako protesta bat, iaz. Sektore horretan egiten du lan beharginak. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 4a
13:15
Entzun

Aldi baterako ezinduta zegoen langile bat kontzertu batean baxua jotzeagatik kaleratzea ez zen bidezkoa izan; hori ebatzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Orain, metalgintzaren sektoreko enpresak bost eguneko epea du langilea berriz hartzeko, edo 95.430 euroko kalte ordain bat ordaintzeko. Aurrez, Donostiako lan arloko epaitegi batek enpresari eman zion arrazoia, beharginak lan hutsegite oso larri bat egin zuela argudiatuta.

Gaur argitaratutako ebazpenaren arabera, gizona gaixo baimenarekin zegoen 2021eko abenduaren 4tik, «eskuineko sorbaldako mangito birakariaren tendinopatia baten ondorioz, supraespinosoaren haustura partzialarekin». Ebakuntzaren zain zegoen kontzertua jo zuenean, 2022ko irailaren 17an. Enpresako giza baliabideetako arduradunak Whatsapp bidez jaso zuen kontzertuaren bideoa, eta azaroaren 17an kaleratu zuen langilea. Egin zuena lan hutsegite oso larria zela adierazi zion; haren arabera, aldi baterako ezintasunarekin bateraezina zen kontzertua ematea.

Ez du iritzi bera, ordea, auzitegiak. Sententziak dioenez, «ez da goialdeko gorputz adarrekin egin behar den esfortzu fisikoko jarduera bat, eta ez da beharrezkoa eskuineko sorbalda altxatzea». Beraz, ezin da esan rock kontzertu batean baxua jotzeak langilearen osatze prozesua eten edo atzeratu zuenik. Ondorioz, enpresak langilea kaleratzeko erabilitako argudioak indargabetu ditu: «Jarduera ludiko bat da, ez da astuna sorbaldei dagokienez, eta, beraz, ez dago enpresarekiko desleialtasunik».

Epaia ez da irmoa oraindik, eta enpresak beste errekurtso bat jar dezake.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.