BIDEO DEIEN LEHIA PANTAILA TXIKIETAN

Komunikatzeko garaian, bideo deiak nagusitzen ari dira eskuko telefonoetan, eta bi pertsonaren arteko deiek gora egin dute erabiltzaileen artean. Esparru horretan nagusitzeko, gero eta aplikazio gehiago ari dira lehian: Skype, Face Time, Duo, Instagram, Snapchat eta Lifestage, besteak beste.

Hainbat pertsona euren telefonora begira Txinako Suzhou hirian, aurrean dutenari argazkiak ateratzen. JACEK TURCZYK / EFE.
2016ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
S akelako telefono guztietan ageri dira erabiltzaileen artean nagusitu diren aplikazioen ikonoak. Besteak beste, Face Time, Skype eta azken aste honetan Googlek merkaturatu duen Duo aplikazioa dira azken hamarkadan ezagun egin diren aplikazio horiek. Aldaketa horien ondorioz, erabiltzaile gehienek alde batera utzi dituzte etxeko telefono finkoak. Izan ere, mezuak elkarri bidaltzeko eta albisteak emateko askoz ere praktikoagoak eta merkeagoak dira aipatutako aplikazioak.

Teknologia garatuz doan heinean garatzen da komunikazio digitala. Urte batzuk atzera eginez gero, sakelako telefonoak deiak egiteko eta SMSak bidaltzeko bakarrik erabiltzen ziren, eta orain, berriz, era guztietako gauzak egin daitezke. Eguneroko bizimoduan beharrezko diren zenbait gauza egiteko modua ematen du sakelakoak. Hori dela eta, gehien erabiltzen diren aparatuetariko bat ari da bihurtzen eskuko telefonoa. Adibidez, erosketak egin edo beste herrialde batean bizi den lagunarekin doan hitz egin eta ikusteko aukera ematen du.

Hala ere, erabiltzaileek ez dituzte edonolako aplikazioak jaisten euren aparatuetara, eta aldatu egin da erabiltzaileen joera aplikazioak erabiltzeko garaian. Izan ere, dena partekatzen zen lehen, eta komunikazio pribatuaren alde egiten da orain. Gainera, komunikazioa naturalagos eta momentukoa da bideo deiei esker, batik bat.

Handituz doa aplikazioen norgehiagoka, eta inork ez du itzalean geratu nahi. Mota askotako zerbitzuak eskaintzen dituzte aplikazio horiek, eta gero eta gehiago ari dira merkaturatzen. Hori dela eta, Googlek aurreko astean merkaturatu zuen bideo deiak egiteko Duo izeneko aplikazioa. Horrekin, multinazionalak aurre egin nahi die zerbitzu bera eskaintzen duten Facebooken Face Time eta Skype aplikazioei.

Bestalde, komunikazioari dagokionez, aldatuz doaz komunikatzeko bideak, eta bat ari da nagusitzen: bideo deien komunikazioa, baina bideo deietan egongo al da mezularitzaren etorkizuna? «Nire iritziz, hardwardaren eboluzioak markatuko du komunikazioaren etorkizuna. Hala ere, ezin da jakin zer gertatuko den», esan du Unai Bilbao Actingeko kideak. Bitarlaneko kide Aitor Aretxabaletak, berriz, uste du soinuaren eta bideoaren menpe egongo dela komunikazioaren etorkizuna.

Bideo deiak nagusi

Gero eta aplikazio gehiagok egin dute bideo deien aldeko apustua, hala nola Snapchat, FaceTime, Duo, Instagram eta Skypek. Norberak bere metodoa erabiltzen du. Izan ere, denek ez dute funtzio bera eskaintzen. Snapchat eta Instagram aplikazioek denbora mugatu bateko bideoak partekatzeko aukera ematen dute. Lehenengoak gehienez hamar segundoko bideoak bidaltzeko aukera ematen du, eta bigarrenak, berriz, minutu bateko bideoak eskaintzen ditu gehienez.

Face Time, Duo eta Skype aplikazioek beste aukera bat ematen dute: bideo bidezko zuzeneko komunikazioa. Formatu horrek izan du arrakasta handiena. Horren garrantzitsua bihurtu da bideo deien bidezko komunikazioa, non joan den uztailaren 15ean Turkiako estatu kolpean Recep Tayyip Erdogan presidenteak FaceTime bidez egin zuen egoeraren berri emateko lehen agerraldia.

Bestalde, pribatutasuna dela eta, bideo deien komunikazioan taldeko deiak egin beharrean, bi pertsonaren arteko bideo saioak nagusitu dira. Lehen aipatutako aplikazioek bideo deien bidez komunikatzea ahalbidetzeaz gain, txat bidez hitz egiteko aukera ere ematen dute. Bideo saioak egiteko garaian, ezinbestekoa da erabiltzaileak Interneterako konexio ona izatea; bestela, ez baitu kalitatezko irudirik lortuko.

Bideoa gero eta gehiago erabiltzen ari da, baina konexioak asko baldintzatzen du erabiltzailea. Izan ere, Bilbaoren hitzetan, wifi konexiora konektatuta egonez gero, erabiltzaileak bideo deiak errazago egiten ditu, eta datuen erabilerak erabiltzailea asko baldintzatzen du. Horrez gain, kamera bat ere beharrezkoa da lagunak erabiltzailea ikus dezan.

Twitterrek, berriz, helburu bera baina prozesu desberdina duen aplikazio bat eskaintzen du: Periscope. Aplikazio horrekin egiten den bideo konferentzia streaming bidezkoa da, hau da, zuzeneko bideoak partekatzea eskaintzen du. Erabiltzaileak berak graba dezake bere burua, eta, ondoren, Twitterreko bere kontuan publika dezake. Horrela, bere jarraitzaileek ikus dezakete erabiltzailearen bideo konferentzia, eta hori iruzkintzeko aukera dute. Hortaz, bideo egileak ezin du bere lagunen irudirik ikusi, gainerakoek beste Periscope bat egin ezean. Sistemak erabiltzaileen artean komunikatzeko balio ez arren, norberak partekatu nahi duen informazioa emateko baliagarria da.

Denak ez du balio

«Nik uste dut gero eta aplikazio gehiago daudenez jendeak gero eta gauza gehiago hartzen dituela kontuan horietako bat aukeratzeko garaian», esan du Bilbaok. Horregatik, erabiltzaileek antzekoak diren beste aplikazioak bilatzen dituztela argitu du Bilbaok. Aretxabaleta ez dago ados: «Uste dut jendea ospearen eta norberaren beharren arabera mugitzen dela aplikazioak deskargatzerako garaian».

Facebook, Whatsapp, Twitter eta Instagram dira mundu osoko aplikaziorik esanguratsuenetakoak. Hala ere, guztien gainetik Facebook dago. 2004. urtean merkaturatu zuen aplikazioa Mark Zuckerbergek, eta izugarrizko arrakasta izan du. Gaur-gaurkoz, 1.590 milioi erabiltzaile ditu, eta horietako bakoitzak, bere argazki, bideo eta kokalekuak partekatzeaz gain, bere lagunekin hitz egiteko aukera du Messenger izeneko txataren bidez, Whatsapp aplikazioaren antzera.

Whatsapp 2009an sortu zen, eta 1.000 milioi erabiltzaile komunikatzen dira bertatik. Facebookek duen arrakasta lortu ez arren, erabiltzaile gehien dituztenen artean bigarren postuan dago Whatsapp. Bilbaoren arabera, Whatsapp mezularitzako «erregea» da. Aplikazioa multinazionalen tresna ere bihur daiteke: Izan ere, gaur egun SMS bidez jasotzen diren mezuak Whatsapp bidez jasotzeko aukerari ateak irekitzen ari dira. Hegaldien atzerapenen edo bankuko mugimendu faltsuen inguruko datuak Whatsapp bidez jasoko lirateke, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.