Industria ziklo luzeko sektoreak dira aeronautika, bioteknologia, autogintza eta beste hainbat. Hamar urte ere pasa daitezke farmazia enpresa batek botika berri bat merkaturatu artean, hamabost urte hegazkin berri bat diseinatzerako. Teknologien menpekotasun handia dute, eta txikikeriek egiten dituzte handi asmakuntza berriak. Horregatik, ondo dakite isilik egoteak zenbat balio duen, lehiakideek prozesuaren gaineko informazioa lortuz gero urteetako lana pikutara joan daitekeelako.
Bidezidorraren tentazioa, ordea, beti dago hor. Ohikoa da zilegi ez diren metodoak erabiliz arerioari aurrea hartzeko informazioa lortzea. Teknologia berriak paregabeko tresna bihurtu dira ezkutuko dokumentuak lortzeko. Era berean, modu tradizionalek ere hor jarraitzen dute. Dirutzaren truke, informazioa enpresa barruko norbaiti eskatzea da betidanik erabili izan den moduetako bat.
Komunikabideetan ez dira industria espioitzari buruzko albiste asko agertzen. Ez zaie komeni izaten, konpainiaren izena zikintzen delako halakoetan. Hori dela eta, bi aldeen arteko akordioarekin amaitzen dira kasu asko. Agertzen direnean, ordea, hautsak harrotzen dituzte.
Autogintza, ohiko biktima
Renaulten kasua da horren adibide. Autogileak hiru goi kargudun kaleratu zituela jakinarazi zuen hilabete hasieran, enpresaren interes estrategiko, intelektual eta teknologikoei kalte larriak eragitea leporatuta. Uste dutebateria elektrikoaren eta motor elektrikoaren garapenari buruzko informazioa eman diotela lehiakideren bati eta dirua jaso zutela trukean. Auzitegien esku dago orain kasua. Kaleratutako hiruretatik bik jendaurrean esan dute errugabeak direla, eta haietako batek enpresaren aurka egiteko asmoa du, difamazioagatik.
Autogintza sektorekoa da azken urteotako industria espioitza kasurik ezagunenetakoa ere. Tartean zegoen euskal herritar bat: Jose Ignacio Lopez de Arriortua. General Motors AEBetako konpainiaren munduko erosketa burua zen, baina enpresak hartutako hainbat erabakirekin ados ez zegoela eta, Volkswagenera pasatzea erabaki zuen beste goi kargudun batzuekin batera. Dokumentu sekretuak eramatea leporatu zieten, eta Alemaniako eta AEBetako auzitegietara eraman zuten kasua. Azkenean, akordioa lortu zuten bi konpainiek. Volkswagenek ehun milioi dolar ordaintzea onartu zuen, baita zazpi urtean General Motorsi auto piezak erosten mila milioi dolar gastatzea ere.
Sektorearekin jarraituta, entzutetsua izan zen ibilgailuentzako piezak egiten dituen Frantziako Valeo enpresaren kasua ere. 2005ean, Poliziak 22 urteko ikasle txinatar bat atxilotu zuen. Praktiketan ari zen enpresan. Poliziak jakinarazi zuenez, hainbat diskete eta Valeoren eta haren produktuei buruzko informazio sekretua aurkitu zituen haren etxean. Besteak beste, artean merkaturatu gabeko autoen diseinuei buruzko datuak ageri ziren fitxategietan.
Txinako Gobernuarentzat edo herrialdeko enpresaren batentzat aritzea egotzi zioten gazteari.Era berean, industria talde handiek espioitzarako ikasleak maiz erabiltzen zituztela zabaldu zen orduan. Auzitegiek ebatzi zuten kasua. Ikasleak epaiketan argudiatu zuen ez zekiela galarazita zegoela dokumentuak kargatzea, eta esan zuen ez zeukala industria espioitzarekin inongo zerikusirik. Alabaina, ez zuen epailea konbentzitu, eta urtebeteko kartzela zigorra jarri zion.
Industria espioitzako salaketa batengatik epaiketa izan zuen iazko maiatzean Michelin pneumatiko enpresako langile batek ere. Konfiantza gehiegikeriaz jokatzea, industria sekretuak azaleratzea eta Frantziako nazio interesen aurka egitea leporatu zioten. Kamioien saileko arduradun karguan dimisioa eman zuen langileak 2007ko martxoan. Ondoren, taldearen lehiakide nagusiari, Bridgestoneri, hainbat mezu bidali zizkion ustez,isilpeko informazioa ematearen truke 115.000 euro eskatuz.
Bridgestonek, ordea, tratua onartu beharrean, gertatutakoaren berri eman zion Michelini. Langile ohia ohartu gabe, negoziatzen hasi zen hura Bridgestoneren izena erabiliz. Aski froga zituela iruditutakoan Poliziaren esku utzi zuen kasua. Atxilotu egin zuten, eta lau hilabete eman zituen behin-behineko espetxealdian. Leporatzen zaizkion delituak kontuan hartuta, hamar urte arteko kartzela zigorra jar diezaiokete.
Dena den, autogintza ez da halako kasuen biktima bakarra. Ia guztietan izaten dira industria espioitzak, baita komuneko papera egiten duten enpresetan ere. AEBetako Procter Gamble enpresaren kasua da hori. Georgia-Pacific enpresa lehiakideari komuneko papera egiteko formula azaltzea leporatu zion langile ohi bati.
Joan den urtean, Starwood Hotels & Resorts enpresak egin zuen industria espioitzako salaketa. W izeneko hotel katea bultzatu zuen hark, diru sarrera handiko gazteentzako. Lifestyle segmentuan indar handiz sartu zen, munduko 37 tokitan era horretako hotelak irekiz.
Eredu hori jarri nahi izan zuen Hilton konpainiak ere, Denizen izeneko hotelekin. Negozio berria garatu ahal izateko, Starwoodeko bi exekutibo ohi kontratatu zituen. Iazko martxoan aurkeztu zuen proiektua Hiltonek, «kontzientzia globaleko gaur egungo bidaiarientzako» zela esanez. Hilabete geroago, Hiltonen eta hark kontratatutako bi exekutiboen aurka egin zuen Starwoodek, ehun mila dokumentu sekretu lapurtu izana leporatuta.Azkenean, orain pare bat aste amaitu zen gatazka. Hiltonek 75 milioi dolar ordaintzea onartu zuen, eta bi urtean lifestyle sektoreko hotelik ez irekitzea.
Sona handia izan zuen Boeingek egindako industria espioitzak ere. 615 milioi dolarreko isuna jarri zioten, Airbusi eta Lockheed Martini informazioa lapurtzeagatik. Phil Condit presidenteak ere dimisioa eman zuen. Orain arteko isunik handiena, ordea, Alemaniako SAP teknologia enpresari jarri diote. 960 milioi euro ordaindu beharko dizkio AEBetako Oracleri, haren webgunetik softwarea eta informazioa hartzeagatik baimenik gabe. Orain hamar urte, Oracle bera egon zen industria espioitza kasu batean nahastuta. Detektibeak kontratatu eta garbitzaileei dirua ordaindu zien Microsoftek zabor ontzietara botatako informazioa lortzeagatik.
Coca-Colako idazkari ohi bati zortzi urteko kartzela zigorra jarri zioten, enpresari edari ezagunaren materialari buruzko informazioa lapurtu eta Pepsiri saltzeagatik,1,5 milioi dolarrengatik. Harekin batera atxilotutako beste pertsona bati bost urteko espetxe zigorra ipini zioten. Automobilismo federazioak, berriz, McLareni ehun milioi dolarreko zigorra ipini zion Ferrari espiatzeagatik. Suitzako Novartis farmazia taldeak GSK taldeak egiten zuen Augmentine botika zelatatu zuela aitortu zuen. Beste hainbat eta hainbat halako ere izan dira.
Frantzia, «okerraren inperio»
Industria espioitzako kasuren bat agertzen denean, ohikoa izaten da gorabidean diren herrialdeei begira jartzea. Renaulten aferan ere hala gertatu da. Txina izan da lehen akusatua, eta Errusiari ere askotan egiten zaizkio halako salaketak. Orain artean, merkatuan diren produktuak kopiatu besterik ez dute egin herrialde horiek, eta egia da teknologia lortzeak sekulako garrantzia izango lukeela garapenerako.
Alabaina, Europako herrialdeak ere ez dira atzean geratzen. AEBek Alemanian duten enbaxadaren arabera, Frantzia da Europan industria espioitza gehien egiten duen herrialdea; batez ere, Alemania zelatatzen du. Wikileaksek filtratu du dokumentua, eta Suediako Aftenposten egunkariak publikatu. Sateliteak egiten dituen OHB Technology enpresako zuzendariaren adierazpenak ageri dira han. «Teknologiaren lapurretari dagokionez, okerraren inperioa da Frantzia», dio. Haren arabera, inguruko herrialdeei Errusiak eta Txinak baino kalte handiagoa egiten die industria espioitzarekin. Gaineratu du Alemaniak baduela egoeraren berri.
Gaiarekin kezkatuta, neurriak ere hartu dituzte herrialde batzuek. Finlandiak industria espioitzaren aurkako lege bat onartu zuen 2009ko martxoan, Nokia Legea izenez ezagutzen dena. Polemika handia eragin zuen neurriak, eta haren lelo ezagunarekin egindako hitz jokoak ere segituan etorri ziren. Nokia controlling people bihurtu zen Nokia connecting people-en ordezko.
Azkenean aurrera atera zen aldeko 96 botorekin eta aurkako 56rekin. Hori dela eta, enpresa publikoek nahiz pribatuek langileen posta elektronikoa begiratzeko eskubidea dute, filtraziorik eta informazio sekreturik bidal ez dezaten. Mezua nori bidaltzen zaion eta zein dokumentu dauzkan atxikita ikus dezakete enpresaburuek; ez, ordea, mezuaren edukia.
Hain zuzen, Nokia telefono konpainiak egin zion gobernuari presioa, hainbat espioitza kasu jasan ostean. Zurrumurruen arabera, legea onartu ezean herrialdetik alde egiteko mehatxua ere egin zuen.
Industria espioitza. Eguneroko ogia
Bidezidorraren tentazioa
Informazioa duenak boterea duela esaten da, eta industria sektorea da horren lekuko. Legearen mugak gainditu eta lehiakidea espiatzen dute hainbatek, ezkutuko dokumentuak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu