Bieiretatik pizzetara

'Brexit'-erako trantsizio epea bukatzear, harreman berrirako negoziazio amaigabeetan dihardute Erresuma Batuak eta Europako Batasunak. Gaur Bruselan elkartuko dira bi aldeak berriz.

Negoziazioei beste aukera bat ematea hobetsi zuten atzo Boris Johnsonek eta Ursula von der Leyenek. VICKIE FLO RES / EFE.
Irune Lasa.
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Berandu arte lanean, aste honetan pizzekin eta sandwichekin elikatuz joan zaizkie egunak brexit-aren negoziatzaileei Londresen; alferrik. Ostegun gauean, adostasun bat lortuezinik, bertan behera gelditu ziren elkarrizketak, eta Michel Barnierrek atzo goizean Eurostar trena hartu zuen etxerantz. Diplomazia sukaldaritzako arauei begira, janari azkarraren aukeraketak adieraz dezake britainiarrek ez zutela luzapenik espero (edo nahi), horregatik ez zutela aurretiaz afari osasuntsuago bat enkargatu.

Ez da hau brexita eta sukaldaritza lotzen diren lehen aldia. Ezaguna da gertaera, nola 2017an, britainiar zoruan brexitari buruz egindako lehen elkarrizketetan, Erresuma Batuaren negoziatzaile buru David Davisek Eskoziako bieirak eta Wellington solomoa eman zizkion jateko Barnier frantziarrari.

Dirudienez, Napoleonen garailearen izena daraman errezeta ez da gehiagotan agertu brexitaren otorduetan. Bieirak, ordea, bai. Britainiarren hurrengo negoziatzaile burua, Dominic Raab, haserretu egin omen zen Barnierrekin, 2018ko irailean hark bieirak zerbitzatu zizkiolako. Mendekua uztail honetan hartu du Raaben oinordeko David Frostek, Barnierren platerean bieirak jarrita (Eskoziakoak omen).

Bieira arrantzale britainiarren eta frantziarren arteko iskanbilarik gogorrenak 2012an piztu ziren, Frantziako ontzi multzo batek Erresuma Batuko ontzi batzuk inguratu baitzituen Le Havretik 15 miliara. Frantziarrek debekatua dute bieira arrantzatzea maiatzaren erditik irail amaierara, eta britainiarrek ez. Urteroko akordioekin bakea iritsi zen, 2018an akordio berririk ez eta atzera gatazka piztu zen arte (hortik ei zetorren Raaben haserrea).

Desberdintasunak

Eta orain ere, Erresuma Batua eta Europako Batasuna euren arteko harreman berria ituntzen saiatzen ari direnean, arrantza da akordio baterako trabarik handienetakoa. Hori egiaztatu besterik ez zuten egin atzo Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak eta Boris Johnson lehen ministro britainiarrak, elkarrekin telefonoz hitz egin ondoren atondutako agiri bateratuan. «Desberdintasunek hor diraute hiru gai kritikotan: lehia eremu orekatuan, akordioen gobernantzan eta arrantzan. Bi aldeek azpimarratu dute akordioa ez dela egingarria gai horiek konpontzen ez badira».

Laburrean azalduta, lehia eremu orekatuari buruz, lehia arauei eta estatu laguntzei buruzkoak dituzte oraindik adosteko; gobernantzari dagokionez, berriz, non eta nola ebazten diren auziak alde batek uste badu besteak hautsi egin duela akordiorako punturen bat. Eta arrantzan, Frantzia gogor jarri da, haren uretan pilatuko direlako Erresuma Batuko uretara sarbiderik gabe gelditzen diren arrantzontziak. Frantziak ez du onartzen arrantza txanpon bihurtzerik beste gauza batzuk lortzeko truke.

Johnsonek eta Von der Leyenek «ahalegin gehiagoren» beharra ikusi dute atzoko telefono deian, eta bi aldeek negoziazioei ekingo diete berriz gaur Bruselan. Ea zer duten jateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.