PETROLIOAREN PREZIOA

Bigarren aldiz, 60 dolarrak gainditu ditu Texas upelak

Ekoizleen eskaintzak zailtasunak ditu kontsumoaren igoerari erantzuteko, eta LPEEren saioak hutsalak izan dira orain arte

joxerra senar
DONOSTIA
2005eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Aste honetan petrolioa 60 dolarreko prezio sinbolikoan salerosi da. Behin ez, birritan. Azkenean, ostiralean Texas petrolio arineko upelak 59,84 dolarretan amaitu zuen. Ipar Itsasoko Brent upela, Europako findegien erreferentzia nagusia, 60ko zifra biribiletik gertu aurkitzean da baita ere: 58,36 dolarreko prezioan amaitu zuen Londresko IPE merkatuan.Baina dagoeneko hasi dira aipatzen 65 dolarrera iritsi daitekeela, baita 70era ere.

Petrolioak bi hilabeteko su etena eskaini du. Baina iraganeko prezioekin alderatuta, garesti mantendu da. Apirilaren 4an aurreko marka historikoa lortu zuenetik, 48 dolarretik gora eutsi dio Brent upelak. Iragan urte hasieratik hona, berriz, salneurriak bikoiztu egin dira. Eskariaren hazkunde biziak azaltzen du, batik bat, petrolioaren garestitzea. Munduko ekonomiak gero eta urre beltz gehiago behar du. 90eko hamarkadarekin alderatuta gaur egungo petrolio kontsumoa bi aldiz handiagoa da. Hazkunde handi horren atzean Txina eta Ameriketako Estatu Batuak daude. 2002 eta 2004 artean kontsumoak izandako igoeraren %35 Txinari zegokion, eta beste %20 AEBei. Aurten, kontsumoak handitzen jarraituko duela aurreikusten du IEA Nazioarteko Energia Agentziak: aurten iaz baino 1,77 milioi upel gehiago beharko dira egunero.Horrek zer esan nahi du? Eskari horri erantzuteko eskaintza handitu egin beharko dela; ekoizleek, baina, gero eta arazo handiagoak dituzte kontsumo igoera horri erantzuteko.Orain arte, munduko petrolioaren %40 merkaturatzen duen Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea lasaitasun mezuak igortzen saiatu da, baina orain arte ez du lortu. Iragan astean kuota ofizialak igotzea erabaki zuen egunean milioi erdi upel gehiago, 28 milioi denera eta laster beste igoera bat erabaki dezake. Atzo bertan, Ahmad Fahded al Sabah LPEEko presidenteak iragarri zuen aste honetan beste herrialde bazkideekin kontsultatu duela produkzioa igo edo ez: «Espero dugu epe motzean argiago izango dugula zer erabaki den egokiena».

LPEE auzitan

Askok zalantzan jartzen dute kartelaren borondate ona. Batetik, kuota ofizialek ez dutelako balio handirik, eguneko jardunean 28 milioi upel baino gehiago ekoizten dituelako LPEEk. Bestetik, herrialde bazkide gehienek, Saudi Arabiak salbu,zailtasunak dituztelako egungo produkzioa are gehiago igotzeko. Hirugarrenik,hamabi hilabete eskasean bere petrolio upelaren salneurriaren helburua 30 dolarrekoa izatetik, 50 dolarrekoa izatera pasatu delako. «Prezio egonkorren zaintzaile dela dio, baina sinesgarritasun oro galdu du. Petrolioaren salneurriak jaisteko ahalegin guztiak egiten ari dela dioenean, bere mezua hutsik dagoela dirudi», dio CGES Energia Azterketa Globalen Zentroak ekaineko txostenean.

Eskaintzak eskariari jarraitzeko gero eta arazo handiagoak izaki, hornikuntza eten dezakeen edozein mehatxuk, baita txikienak ere, ezinegon handia sorrarazten du merkatuetan. Nigerian atzerriko herrialdeen hiru kontsulatu itxi izana, edo Norvegiako petroliogintzako langileek greba egingo duten ohartarazpena izan dira azken bi adibideak. Bestetik, uda gainera dator, erregai kontsumoak gora egingo du, eta zalantza handiak daudeEstatu Batuetako findegiak gai izango ote diren egoera horri erantzuteko.Ezin da ahaztu espekulatzaileen jarduera. Petrolioaren merkataritzarekin zerikusirik ez duten salerosleen negozio bolumena nabarmen handitu da azken asteetan. Londresko merkatuan aste honetan zehar salerosi den upel kopurua urtebeteko handienaizan da. Horrek esan nahi du espekulatzaileek prezioak gehiago igotzearen aldeko apustua egiten dutela.Baina noiz arte jarraituko dute prezioek igotzen? «Ekoizpenaren aldetik ez dago nahiko indar erantzuteko, eta ondorioz eskariak hazteari uzteak soilik bultza ditzake prezioak beherantz egitera», azaltzen du CGESek. Ikusi beharko da hurrengo egunetan petrolioak 60 dolarrei eutsiz gero, prezio garestiok kontsumoari kalte egingo dioten edo ez. Bestela, litekeena da upela are gehiago garestitzea.

Erregaien prezioak

Albiste txarra Europarentzat eta Euskal Herriarentzat, bitartean euroaren balioak jaisten jarraitzen baitu. Hala petrolio garestiak nola euro ahulagoak erregaiak are gehiago garestitu ditzake hurrengo asteetan. Atzo, gasolio litroa 0,9 euroko prezioan salerosi zen Hego Euskal Herriko gasolina zerbitzuguneetan eta 0,96 euroan berunik gabeko 95 oktanoko gasolina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.