Eustaten datuen arabera, 2012tik 2013ra %4,1 murriztu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikerketan eta garapenean (I+G) egindako gastua. 2013rik 2014ra jaitsiera ere izan da, baina haren erdia (-%2,1). Barne produktu gordinean neurtuta bai izan da jaitsiera nabarmena (%1,99tik %1,93ra), iaz ekonomia %1 handitu zelako.
Guztira, 1.289,8 milioi euro inbertitu zituzten enpresek eta erakundeek ikerketan eta garapenean, iaz baino 27 milioi gutxiago.
Jaitsiera lurralde guztietan gertatu da: %2,4 Gipuzkoan, %1,7 Araban eta %1,6 Bizkaian. Edonola ere, Gipuzkoa da, alde handiz gainera, proportzionalki I+Gn gehien inbertitzen duena (%2,3) eta Europako Batasuneko batezbestekoa (%2,03) gainditzen duen bakarra. Bizkaiak bere BPGaren %1,79 inbertitzen du eta %1,56 Arabak.
Gastua gutxitu da baina ez, ordea, I+Gn aritzen direnen kopurua. Eustaten arabera, 18,535 izan ziren iaz, aurreko urtean baino %1,4 gehiago. Horietatik 12.030 ziren ikertzaileak (+%0,6).
Ohikoa denez, hiru lurraldeetan enpresak dira I+Gn gehien inbertitzen dutenak: gastuaren %75,1 dagokie haiei, %18,4 unibertsitateei eta %6,5 administrazioen menpeko egiturei. 2013ko antzeko kopuruak dira horiek, eta erakusten dute administrazio publikoen bultzadarik ez zela izan iaz.
Gaindegiak 2012ko datuak ditu Euskal Herri osorako. Urte horretan zazpi lurraldeen BPGaren %2,02 inbertitu zen I+Gn. Nafarroan %1,91 izan zen eta %1,03 Ipar Euskal Herrian.