Bihar %7 igoko da argindarraren prezioa eta %5 gasarena

Argindar sistemako desorekak konpontzeko, 1.700 milioi aurrezteko neurriak hartu ditu Espainiako Gobernuak

2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Bihartik argindarra %7 garestiagoa izango da tarifa arautua duten hego euskal herritarrentzat, hamar familiatik zortzirentzat. Enpresa txiki eta ertainek %4,1eko igoera jasango dute fakturan, industriako enpresa ertainek %2,78koa eta industriako enpresa handiek %0,91koa. Baina argindarra ez ezik, gas naturala ere garestituko da: batez beste %5 tarifa arautua duten erabiltzaileentzat.

Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak eman zuen prezio igoeren berri Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian. Baina ez zuen horretaz bakarrik jardun. Argindar sistemako desorekak konpontzeko gobernuak prestatu duen lehen neurri sorta zein den ere azaldu zuen, 24.000 milioi eurotik gorako defizita murrizteko zer egingo duen alegia.

Eta horretan ere ustekabeko gutxi, murrizketak iragarri baitzituen. Erabiltzaileei argindarraren prezioa igota, sistema finantzatzeko 1.382 milioi euro gehiago biltzea aurreikusten du gobernuak. Banaketan, biltegiratzean eta garraioan egingo dituen murrizketei esker, berriz, beste 1.700 milioi euro aurreztuko ditu. Banaketan egingo du jaitsierarik handiena, 688 milioi eurokoa—urtean 5.500 milioi euroren gastuak eragiten ditu banaketak—; argindar enpresei beren zentralak uneoro erabilgarri izateagatik %10 gutxiago pagatuko die (84 milioi euro); REE Red Electricaribere sareak erabiltzeagatik, 20 milioi gutxiago; CNE Espainiako Energia Batzordeari 60 milioi euro murriztuko dio aurrekontua; IDAE Energia Aurrezteko eta Dibertsifikatzeko Institutuari 613 milioi euro kenduko dizkio; ikatzari ematen dizkion diru laguntzak 46 euro murriztuko ditu—urtean 473 milioi euro izaten dira—; 56 milioi euro gutxiago ordainduko dizkie argindar saretik uneren batean deskonektatzea onartzen duten enpresei; eta 197 milioi aurreztu nahi ditu kontabilitatean egindako egokitzeei esker.

Argindar sistemako desorekak konpontzeko neurriak ez ezik, gas sistemakoak konpontzekoak ere hartu ditu Espainiako Gobernuak, han ere defizita sortzen hasi baita. Oraingoz, 300 milioi eurokoa da zuloa, eta ez du nahi handitzerik. Horregatik, gasaren prezioa %5 igo eta azpiegitura berri guztiak —birgasifikatzeko plantak, gasa biltegiratzekoak eta gasbideak— geldiaraztea erabaki du.

Soriak azaldu zuenez, desorekei aurre egiteko atzo iragarritakoez gain neurri gehiago hartzeko asmoa du Espainiako Gobernuak. Datozen asteetan jakinaraziko ei ditu. Soriak zein Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak nabarmendu zuten igoera eta murrizketa horiekin ahaleginak modu justuan partekatzen direla. Ideia hori indartzeko esan zuten ahalegin guztia kontsumitzaileen bizkar jartzera %40 igo beharko zutela argindarraren prezioa. Esanak esan, kontsumitzaileek aurre egin beharko diote igoeraren zatirik handienari. Kontsumitzaileen elkarteek gogor kritikatu dute igoera, herritarrei sekulako mina egingo dielako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.