Arrainaren harrapaketa kuoten inguruan, urtero antzeko gidoia gertatzen da abendu erdialdera. Aurtengoa ez da gidoitik atera. Europako Batzordeak orain bi aste jarri zuen mahai gainean bere proposamena: Bizkaiko Golkoko antxoaren kuota %66 gutxitzea, eta legatzaren ipar stock-a %6. Bihartik ostirala bitartean Nekazaritza eta Arrantza ministroen Europako Kontseiluak erabaki bat hartuko du, eta horren zain, Bruselako ur politikoek zer ekarriko dieten kezkati, hiri hartara begira daude arrantzaleak.
Antxoarekin zer gertatuko den adi-adi jarraituko du kontseilua baxurako sektoreak. Orain arte, Bizkaiko Golkoan 33.000 tonako kuota ezarri da urtero: horietatik %10 Frantziako flotari dagozkio eta %90 Espainiakoari. Arcachongo Akordioari esker, Frantziakoari beste 9.000 tona ematen zaizkio udaberrian arrantza ez egitearen truke. Europako Batzordeak, azken datu zientifikoetan oinarrituta, kuota 11.000 tonara jaistea proposatu zuen orain bi aste.Esteban Olaizola Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak «ez du dudarik»; ministroek Europako Batzordearen proposamena igoko dute. Olaizolaren ustez, arazoa murrizketa bera baino gehiago Arcachongo Akordioa zertan geratzen den da. «Espainiako Gobernuak oraingo 33.000 tonako statu quo-ari eusteko jarrera izango du», adierazi zuen. Kopuru horretatik 22.000 tona arteko helburua jarriko du Frantziari 9.000 tona ematen jarraitzeko. «Ez gaude ados», kritikatu zuen. «Guk nahiago dugu 22.000 tonako kuota, baina Frantziari kuotarik ez ematea, eurek %10ekin eta guk %90ekin arrantza egitea», gaineratu zuen. «Espainiako Gobernuak mesede eskasa egiten dio baxurako sektoreari. Lehia handiena egiten duten pelagikoek gure kuotarekin arrantzan ari dira.Arcachongo Akordioa puskatu behar bada, puskatu egin beharko da», esan zuen. Azken bi urteetan antxoaren kosterak txarrak izan dira, eta Olaizola ados dago kuotak jaistearekin. «Erraza da 33.000 tona paperean jartzea, baina non dago arrain hori? Gu jaistearekin ados gaude», zioen, baina, era berean, Arcachongo Akordioa bertan behera uzteko eskatzen du.
Legatzaren kasua
Legatzaren kasuan, Europako ipar stock-a aurtengo 30.000 tonatik 28.000 tonara gutxitzea proposatu du Bruselak. Kontuan hartu behar da 1998etik erdira jaitsi direla kuotak, espeziea egoera txarrean delako. Martin Agirreren arabera, ordea, azken datuek erakusten dute kuotak apur bat igota ere, zazpi urteren buruan suspertuko dela legatza.
«Europako Batzordea ohartu da proposamen horrekin ez doala inora. Badirudi 34.000 tona onartuko lituzkeela», adierazi zuen Agirrek. Dena den, zuhur agertu zen: «Arrainen kopurua gora doa eta arrantzarena behera, horregatik legatzaren taula guztiek gora egiten dute, orain bai. Horregatik, datuak ikusita, baikor gara , baina ez Europako Batzordearen jarrerarekin». Haren iritziz, Brusela prest dago bakailaoari ezarri zaion antzeko plana ezartzeko legatzari, iparraldeko arrantzaleei (Suedia, Erresuma Batua...) erakusteko beste espezie batzuei ere ezartzen dizkietela neurri zorrotzak, «nahiz eta egoera biologikoa ez den berdina». Bi urte iragan dira legatza berreskuratzeko plan bat ezarri edo ez ezbaian, eta otsailean Europako Parlamentuan da eztabaidatzekoa. Aurretik, ordea,bihar hasiko den Kontseiluan konpromiso politiko bat lortu nahi du Bruselak. «Aurka gaude, joko politikoan gu beti galtzaile ateratzen garelako», esan zuen Martin Agirrek.
Bihar dute hitzordua ministroek arrantza kuotak erabakitzeko
Europako Batzordeak egindako proposamenak hobetzeko itxaropena dute alturako eta baxurako sektoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu