Bihar Kutxan «iruzur ikaragarria» izango dela salatu du EH Bilduk

Permachen ustez, EH Bilduk Kutxan gehiengoa izatea saihestea da eragile sozialen hautagaitza baliogabetzearen xedeaCCOOk ziurtatu du «oraingoz» ez duela EAJrekin itunik haren alde bozkatzeko

Jon Fernandez.
Donostia
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bihar dira Kutxabank osatzen duten hiru kutxetako administrazio kontseiluak berritzekoak. BBKn eta Vitalen ez da azken orduko aldaketarik espero: EAJren esku segiko du lehenak eta PPren esku geratuko da bigarrena. Kutxan, aldiz, airean dago dena. EH Bilduk eta EAJ-PP-PSEk osatutako koalizioak indarrak parekatuta dituzte, eta hamabost kideko administrazio kontseiluan bi aldeek zazpina ordezkari lortzea espero zen. Baina EH Bilduren alde egin zezakeen eragile sozialen hautagaitza bakarra baliogabetu du Kutxako hauteskunde batzordeak, eta Joseba Permach Gipuzkoako Diputazioaren kutxako ordezkariak «iruzur ikaragarria» salatu du. «Kutxaren kontseiluan gehiengoa izan ez dezagun, saihesteko era guztietako mugimenduak gertatzen ari dira».

Kutxako batzarreko 79 ordezkariak sei taldetan banatuta daude —erakunde sortzaileak, udalerriak, langileak, Batzar Nagusiak, ezarleak eta eragile sozialak—, eta horietako bakoitzak administrazio kontseiluko ordezkari kopuru jakin bat aukeratu beharko du bihar bozketa bidez (ikusi grafikoa). Bada, Alcer, Aranzadi, DYA eta Kontseiluak osatzen dute eragileen taldea, eta kontseiluko ordezkari bat aukeratu behar dute. Hautagaitza bakarra aurkeztu dute, baina hauteskunde batzordeak baliogabetu egin du zerrenda, ordezko hautagaiak 72 urte dituelako —70 urtetan dago epea jarrita—.

«Estatutuetatik kanpoko aitzakia iraingarria» erabili dutela salatu du Permachek, «estilo ezin bananeroagoan». Izan ere, estatutuek 70 urteko epea ezartzen du, baina administrazio kontseiluko kideentzat, eta EH Bilduk nabarmendu du ordezkoa dela muga hori gainditzen duena, kontseiluko kide izango ez dena, alegia. «Horregatik diogu ordezkoagatikzerrenda osoa baliogabetzea estatutuez gaindiko interpretazioa dela. Helburu bakar bat du: edozein preziotan saihestea EH Bilduk Kutxan gehiengoa izatea».

Kontseiluaren hautaketarako 24 ordu geratzen direlarik, zer gertatuko den ere ez dakitela aitortu du Permachek, estatutuek ez dutelako horrelako egoerarik aurreikusten. Ez dakite bozketa bera ere egingo ote den. «Esan digutenez, Xabier Iturbe [Kutxako zuzendaria] ari da erabakitzen. Ez dakiguna da erabakia Xabier Iturbek berak hartuko duen ala Sabin Etxeak hartuko duen».

Permachek uste du logikoena litzatekeela eragile sozialek ordezko beste pertsona bat hautatzea, baina inork ez du argitu zer gertatuko den eragileen ordezkariarekin: nork beteko duen haren lekua, nork aukeratuko duen, edo hutsik gera daitekeen. Eragile sozialek euren neurriak har baditzakete ere, EH Bilduk iragarri du zein bide hartu aztertuko duela Kutxak ematen dituen pausoen arabera: erabakia inpugnatu edo auzitegietara jo, esate baterako.

Dei zuzena sindikatuei

Biharko bozketan EH Bilduk zazpi ordezkari eta EAJ-PP-PSEk ere zazpi lortzea espero zen, baina eragile sozialen hautagaitza baliogabetuta, alda daiteke balantza. CCOO eta Pixkanaka lan sindikatuen hautua erabakigarria izan daiteke, eta Permachek eskari zuzena egin die: «Ez diezaiotela botoa eman politika neoliberaletan sakontzeko helburua duen EAJ-PP-PSEren hautagaitzari».

CCOOk eta Pixkanaka sindikatuek zerrenda bateratuak aurkeztu dituzte, eta hedabide gehienek EAJ-PP-PSEren alde egingo dutela argitaratu dute, baina CCOOk atzo arratsaldean ziurtatu zion BERRIAri «momentu honetan» ez dutela inolako itunik EAJren zerrenden alde bozkatzeko.

Kutxabankeko pribatizazioa geldiarazi beharra dagoela gogorarazi die, hain zuzen, Permachek, eta horren alde lan egingo duela EH Bilduk. «Kutxek zuten funtzio soziala indartu behar da, eta beti, izaera publiko, demokratiko eta garden batekin». Gainera, Euskal Herriko aurrezkiak berton gelditu eta kudeatu behar direla eta Kutxabenkek etxe kaleratze prozesuak behin betiko geldiarazi behar dituela adierazi du.

Nolanahi ere, gehiengoaren balantza alde batera edo bestera mugi dezakeen pieza erabakigarriena udalerrien ordezkarien banaketan egongo da. Udaletako hamalau ordezkariek —zazpina dituzte bi aldeek— kontseilurako hiru ordezkari hautatu behar dituzte: EH Bildurentzako izango da bat, EAJrentzako beste bat, eta hirugarrena airean dago. Joan den uztailean onartutako estatutu berrien arabera, airera botatako txanpon batek erabakiko du norentzat izango den aulkia.

Borroka luzea

Kutxaren administrazio kontseilu berriaren osaketak berebiziko garrantzia du, eratu bezain laster erabaki garrantzitsu bi hartu beharko dituelako: erakundearen zuzendaria izendatu eta Kutxak Kutxabankeko administrazio kontseiluan dituen lau ordezkariak hautatu. EAJren eta PPren arteko akordio bati esker, iaz Kutxabankeko administrazio kontseilutik kanpo laga zituzten Bildu eta PSE, baina hiru kutxetan izan diren bozetan lortutako emaitzei esker, botere banaketa berria irits daiteke Kutxabankeko agintaritzara. EH Bilduk Kutxako kontseiluan gehiengoa lortuz gero, koalizio horretakoak izango lirateke Kutxabankeko lau ordezkari ere.

Dena den, Gipuzkoan edozer gertatuta ere, EAJk jarraituko du Kutxabank gidatzen. Hamabost ordezkarik osatzen dute Kutxabankeko administrazio kontseilua, eta kutxa bakoitzak bere pisuaren araberako ordezkaritza du bertan: BBK-k, bederatzi eserleku; Kutxak, lau, eta Vitalek, bi. EAJk arazo barik kontrolatzen du BBK, eta PPrekin partekatzen du Vitalen gaineko kontrola. Fernando Arangiz popularra izango da Vitaleko zuzendari berria; BBKn, berriz, Mario Fernandezek jarraituko du zuzendari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.