Laguntza estandarra edo ohikoena 2.000 eurokoa izango da, eta kopuru horren erdia kontzesionarioak berak jarri beharko du. Baina, motorren arabera, pizgarri handiagoak edo txikiagoak egongo dira. Madrilek autogintza suspertzeko martxan jarriko duen 3.750 milioi euroko planaren barruan daude pizgarri horiek.
Auto elektrikoa erosteko laguntza handiagoak emango ditu Espainako Gobernuak, baina, gaur eguerdian plazaratu duen hamaikagarren PIVE planak teknologia guztietako motordun autoak lagunduko ditu; erosleek bihartik eskatu ahal izango dituzte pizgarri horiek.
Era berean, diru sarrera apalak dituzten erosleek laguntza handiagoak lortuko dituzte, baina, edonola ere, Pedro Sanchezen gobernuak martxan jarriko duen plana pizgarri unibertsala izango da Espainian. Batetik, 250 milioi jarriditu autoak aldatzeko, eta, bestetik, 300 milioiko beste funts bat dago auto elektrikoa erosteko, karga azpiegiturak jartzeko eta hirien mugikortasun beharretarako, betiere garraioa elektrifikatzeko helburuarekin.
Geroago jakingo da autoa erostean zenbateko laguntzak izango dituzten erosleek. Aukeratutako motorren arabera, aldatu egingo dira. Autogintza suspertzeko Madrilek inoiz martxan jarritako suspertzeko planik handiaren barruan ulertu behar dira laguntzak. 3.750 milioi euroko aurrekontua izango du plan horrek, eta, auto erosketa soilaz gain, enpresen inbertsioak, Ikerketa eta Garapena, laguntza fiskalak eta beste neurri batzuk jasoko ditu.
Atzeraldi Handian ere, Espainiako Gobernuak zortzi PIVE plan gauzatu zituen, 2012an hasi eta 2016ra arte. Guztira 1.115 milioi euroren laguntzak jaso zituzten autogintzako enpresek beren autoak saltzeko, eta 1.173.000 eroslek baliatu zituzten laguntza horiek. Orduan bezala, orain ere gainbehera izugarria izan dute auto salmentek, eta Madrilek merkatua suspertu nahi du, autogintzaren industria oinarrizkoa baita Espainiako ekonomian.
Eusko Jaurlaritzak ere hogei milioiko Renove plan bat onartu berri du. Funts berezi horri esker, etxetresna elektrikoak eta ibilgailuak erosteko laguntzak emango ditu. Ikusteko dago nola egituratuko diren laguntza desberdinak, eta batez ere osagarriak izango ote diren ala ez.
Espainiako Gobernuak ez du nahi auto salmenta suspertu bakarrik; horrez gain, autoak ekoizteko fabrika handiak bere lurraldean geratzea ere badu xede. Frantziak eta Alemaniak funts publiko handiak iragarri dituzte beren konpainiak lagundu eta, ahal dela, ekoizpen kateak beren herrialdeetara ekartzeko. Bada, Madrilek 415 milioi euro bideratuko ditu I+Grako, eta 2.690 milioi euro inbertsiorako. Beste 95 milioi egongo dira profesionalen trebakuntza eta kualifikazioa hobetzeko.