Pentsioak

Bilboko manifestazioa bertan behera uzteko eskatu diote pentsiodunen mugimenduari

Ados kolektiboko kideek uste dute ez dela horretarako garaia. «Protagonismo pertsonala» nahi izatea leporatu diete deitzaileei. Abuztuaren 24rako deitu dute mobilizaziora.

Pentsiodunek ekainaren 8an Bilboko udaletxearen aurrean egin zuten elkarretaratzea. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko abuztuaren 18a
11:52
Entzun

Ados kolektiboan biltzen diren pentsiodunen elkarteek Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduari eskatu diote bertan behera uzteko abuztuaren 24an Bilbon egingo duen manifestazioa. Sektore kritiko horretako kideek uste dute egungo egoera ez dela egokia gisa horretako mobilizazio bat egiteko —koronabirusaren krisiak agerian utzi ditu mugimenduaren barruan dauden korronte ezberdinak—.

Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa antolatu du pentsio publikoak eta duinak aldarrikatzeko eta osasun eta zerbitzu soziosanitario publikoen alde egiteko. Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek COVID-19a agertu zenetik osasunaren eta zaintzaren alorrean izan duen jokabidea salatuko dute: «inbertsio publiko urriak, inprobisazioa eta autokonplazentzia» leporatu diete erakundeoi.

12:00etan hasiko da martxa, Plaza Eliptikoan, eta Areatzan amaituko da. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak udan eten egin ditu astelehenero Bilboko udaletxearen aurrean egiten dituen elkarretaratzeak, irailaren 7ra arte.

«Zentzugabea»

Ados kolektiboko kideen arabera, «zentzugabea» da manifestaziora deitzea. Gogoratu dute Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarri duela, Bilboko Udalak Aste Nagusia bertan behera utzi duela «aho batez», eta konpartsen koordinakundeak ere gauza bera egin duela prestatu zuen egitarau alternatiboarekin.

Era berean, deitzaileei leporatu diete «pentsio duinen defentsarekin loturarik ez duten eskaerak» egitea eta horiek defendatzen dituzten taldeekin solidarioak ez izatea. «Osasun arloko langileak ere kalera irtetea saihesten ari dira, beren aldarrikapen bidezkoak eskatzeko».

«Bakarrik Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua ordezkatzen dutela diotenek eusten diote manifestazioaren deialdiari», azpimarratu dute Adosekoek, eta salatu horko kideek asmo bakarra dutela mobilizazioarekin: «Protagonismo pertsonala» lortzea eta mugimenduaren izena «norberaren intereserako» erabiltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.