Astelehenetako mobilizazioak direla eta, eztabaida pentsiodunen artean

Berriz deitu dute protestara udaletxeen aurrean. Talde batzuek argudiatu dute ez dutela egoki ikusten «egungo egoeran» kalera irtetea, eta jakinarazi dute ez dutela parte hartuko. Deitzaileek nabarmendu dute gehiengoak nahi duela.

Aurreko larunbatean Gasteizen eginiko protesta. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 23a
16:18
Entzun

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi hilabetez eten zituen mobilizazioak Espainiako Gobernuak ezarritako mugengatik. Horietako batzuk —tartean manifestatzeko eskubideari buruzkoak— zehaztu eta gero, berriz ekin zioten joan den astean. Baina ez guztiek. Hurrengo astelehenean ere agerian geratuko da talde ezberdinen artean dagoen eztabaida.

Bizkaiko Ados plataforma, adibidez, elkarretaratzeen aurka agertu da berriro ere, protestek «arriskuan» jartzen dutelako «kolektibo ahulenaren [pertsona edadetu edo zaharren] osasuna». «Nolabaiteko presa sumatzen dugu», gaineratu du taldeak mobilizazioei buruz, ohar batean.

Gipuzkoako Bat Etorri plataformak ere jakinarazi du ez dituela protestak babestuko, argudio berak erabilita. Aurreko astelehenean UGT Euskadiko Erretiratuen eta Pentsiodunen batzordeak ere uko egin zion batzeari.

Zaintza sistema publikoaren alde

Protestak egin zituzten Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, eta herri ugaritan. Bizkaiko eta Arabako diputazioen eraikinen aurrean elkartu ziren, zahar egoitzetako eta etxez etxeko arreta zerbitzuetako egoeraz ohartarazteko, egoitzetan hildakoak gogoratu eta langileen segurtasun gabeziak eta lan baldintzak salatzeko, eta aldundiak horren erantzule eginez. Zahar etxe batzuen aurrean ere mobilizatu ziren.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak berriz antolatu ditu protestak astelehen honetarako; elkarretaratze «sinbolikoak» iragarri ditu, «prebentzioko eta osasun segurtasuneko neurri guztiak errespetatuz». Oraingoan, lurraldeko eta Hego Euskal Herri osoko udalen aurrean elkartuko dira, duela bi urtetik hona egin ohi duten moduan.

Lekuz aldatu arren, mugimenduak aldundien erantzukizuna azpimarratu du. Ohar batean adierazi du koronabirusaren ondorioen larritasuna «arindu» den arren —«baita egoitzetan eta etxez etxeko arretan ere»—, foru erakundeek «erne» jarraitu behar dutela, eta eskumena haiena den neurrian, «antzemandako gabezia larriak» konpondu behar dituztela. Mugimenduak beste behin eskatu du zaintza sistema «kalitatezkoa, publikoa, unibertsala eta doakoa» izatea eta ez uztea «interes pribatuen menpe».

«Diskriminazio» mediatikoa

Bizkaiko Ados plataformak eta Gipuzkoako Bat Etorrik azaldu dute eskaera horrekin bat egin arren, hori eta mugimenduaren ohiko aldarrikapenak —1080 euroko gutxienezko soldata, bereziki— «egungo garaietara egokitu» behar direla.

Horrez gain, azpimarratu dute asteleheneko deialdia «kolektiboaren sektore batek» egin duela, eta hala egin duela «guztien izenean hitz eginda, mugimenduaren ezaugarri den aniztasuna aintzat hartu gabe eta pentsiodun guztien interesetatik kanpoko interesei soilik erantzunez».

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak ez die kritika horiei erantzun, larunbat honetako oharrean. Aurreko asteleheneko mobilizazioan, Jon Fano eledunak esan zuen mugimendu guztietan daudela «edozein ekinaldi babesteari uko egiten dioten pertsonak», eta Bizkaiko mugimenduaren barruan %5 baino gehiago ez direla. Gogoratu zuen, halaber, mugimenduaren bokazioa eta praktika «asanbleario eta demokratikoa» dela, eta, beraz, gehiengoaren nahia nagusitzen dela.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak astero egiten duen txostenean aipatu du gaia, eta EITBren eta «komunikabide pribatu batzuen» jarrera «diskriminatzailea» salatu du, «mugimendua kritikatzen eta iraintzen dutenei itzelezko audientzia» ematen dietela iritzita. Plataformak jakinarazi du hedabide horietako buruekin biltzeko eskaerak egin dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.