Bilboko Zazpikaleetako, Santutxuko, Atxuriko eta Bilbo Zaharreko taberna elkarte batek haserrea eta kezka plazaratu ditu COVID-19aren krisiaren eraginez duten egoerarengatik. Kexa Bilboko Udalari helarazi diote, eskaera zehatzak eginez: «%20an ari gara lanean, eta zergak oso-osorik ordaintzen ditugu: ura, zaborrak... Gehienok ez dugu laguntzarik jaso, eta zerbitzariak aldi baterako erregulaziotik atera ditugu. Laguntza behar dugu. Hala jarraituz gero, asko ez gara azarora iritsiko. Taberna eta denda txikiak kinka larrian gaude». Zehaztu dute laguntza horiek Bilboko eta Euskal Herriko tabernari guztientzat eskatzen dituztela.
Ihintza Torres Zulo tabernako langileak egin ditu bozeramaile lanak, eta, besteak beste, udaltzainengandik jasotako tratua salatu du: «Gehiegizko indarkeria darabilte gure aurka. Gaizkileak bagina bezala tratatu gaituzte, eta gu beti ari gara distantziak zaintzen. Guk, zerbitzariok dugu arriskurik handiena. Estres handia dugu, jendea kontrolatu behar dugu, osasun neurriak... eta, gainera, udaltzaina isunarekin dator. Jendeak normalean ondo zaintzen ditu neurriak, eta gu jotzen gaituzte erruduntzat».
Azaldu duenez, Zazpikaleetako taberna gehienak txikiak dira, terrazarik gabekoak, eta jendea seguruago dago kalean barruan baino. «Ireki genuenean, ez zen inor kutsatu; jendeak kalean kontsumitzen zuen, eta guk muga guztiak errespetatu ditugu. Gero, arau zorrotzagoak etorri ziren, eta muga horiekin COVID-19aren zabalkundea mugatzen bada, ondo. Baina, muga horiek ezarri arren, COVID-19aren zabalkundea agian ez da eten. Arazoa agian ez dago ostalaritzan. Agian beste toki batzuetan bilatu beharko lukete: lantokiak, kostaldera lepo beteta doazen trenak... Jendea etxeetan biltzen da. Ostalaritzan behintzat garbitasuna duzu, eta bakoitzak bere edalontzitik edaten du. Tabernetan osasuna bermatzen da», azaldu du.
Ohiko fakturazioaren laurdenetik behera, Aste Nagusirik gabe... eta, gainera, zerbitzari gehienak aldi baterako erregulaziotik kanpo. Torres: «Hauteskunde aurreko bi asteetan modu egokian lan egiten utzi ziguten. %60an jardun genuen, irabazirik gabe, baina gastuei aurre egiteko moduan. Taberna askok aldi baterako espedienteetan zituzten zerbitzariak aktibatu zituzten. Hauteskundeen ostean, mugak ezarri zituzten; %20ra jaitsi gara, eta zerbitzariak ezin dira erregulaziora itzuli». Horren eraginez, taberna guztiak «galerak» izaten ari dira, eta hainbatek pertsiana jaitsiko dute aldaketarik egon ezean.