Bilbondo handitzen badute Basauriko Udala auzitara eramango dute merkatariek

Eroskik 10.000 metro koadro gehitu nahi dizkio saltoki guneari, eta Jaurlaritzaren muga urratuko luke horrela

Mikel Carramiñana.
2008ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Xabier Zelaia Bizkaidendako lehendakariak ezin argiago hitz egin zuen atzoko agerraldian: «Udal gehienek ez dute legea betetzen». Bilbondo merkataritza gune handia 10.000 metro koadro handitzeko egitasmoaren kontrako adierazpenak aurkeztu zituzten, atzo, Bizkaiko dendarien elkarteko ordezkariak eta Jose Feijoo Basauriko merkatarien lehendakariak.

Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plan Sektorialak 25.000 metro koadroko mugak ezartzen dituela eta, araua, udalerrietako antolaketa planen gainetik dagoela gogorarazi zuten. Udal gehienek, ordea, «ez dituzte haien legeak horretara moldatu». Bilbondok, gaur egun, 37.000 metro koadroko eremua hartzen du, baina egungo muga zehazten duen legea baino askoz lehenagokoa da.

Eroskik egin asmo duen zabaltzea baimenduz gero, ordea, Lurralde Plan Sektoriala urratuko lukeela diote merkatariek. Oraingoz, hasierako eskaera onartu baino ez du egin Basauriko Udalak, eta Jaurlaritzaren esku utzi du planarekin bat datorren aztertzea.

Proiektua onartuko balitz, Bizkaidendak auzitara eramango du Basauriko Udala, «epaitegietara jotzea beste aukerarik ez baitugu izango legea bete dezaten».

Kaleko bizitzari eustea

Saltoki erraldoien ondorioak ere izan zituzten hizpide merkatariek: «Enplegua suntsitu, kaleak basamortu bihurtu eta aisialdi eredu arrotzak inposatu nahi dizkigute». Saltoki txikiek, gainera, merkataritza guneek baino bost aldiz lanpostu gehiago sortzen dituztela azpimarratu zuen Zelaiak. Hiri eta herrietako merkatariei saltoki handiek egindako kaltea eginda dagoela gaineratu zuen Feijook, «min handiagorik ezin digute egin dagoeneko, baina kale eta herrietako bizitzari eustea da orain gure erronka».

Bizkaidenda elkarteko presidenteak, azkenik, Baionan gertatutakoa jarri zuen saltoki erraldoien kalteak irudikatzeko, «eredu horren alde egin zuten han duela 30 urte, eta ondorioak oraindik pairatzen dituzte». Baionako kaleak hustu egin ziren eta, Zelaiaren arabera, «orain ari da Udala hiria berpizteko lanean». Horretarako, merkataritzarako lokalak «ia doan» ematen dituzte, «dirutza gastatzen ari dira egindakoa konpontzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.