Bilduk baldintzarik gabeko oinarrizko errenta bultzatu nahi du Gipuzkoatik

Ordain unibertsal bat sortzeko aukera aztertzeko lan taldea sustatuko du aldundiak Batzar Nagusietan

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Banakakoa, unibertsala eta baldintzarik gabekoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak uste du gaur egungo gizarte laguntzen ereduan beste urrats bat egiteko garaia dela, eta oinarrizko errenta sistema «apurtzailea» bultzatzeko asmoa du, Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak atzo iragarri zuenez.

Orain dela hamar urte baino gehiago Hego Euskal Herrian oinarrizko errenta sortzea proposatu zuten gizarte taldeen gogoan antzeko oinarri bat zegoen. Hots, herritar orok izatea ordain baterako eskubidea, lan egiten duen edo ez axola gabe. Diru horren helburua pertsona guztiei irauteko gutxieneko baliabideak izatea bermatzea litzateke. Oinarrizko Errenta Hiritarrari buruzko eztabaida teorikoa asko garatu da, baina azkenean baldintzapeko eredua nagusitu zen Eusko Legebiltzarrak onartu zuen lege proiektuan.

Rodriguezen arabera, ordain horrek bestelako laguntzak eta pentsio eskasak ordezkatuko lituzke, eta gaur egun gizarte politikari zuzentzen zaizkion baliabideak berriro egituratzea eskatuko luke. Proposamen «handi- nahitsua» dela uste du Rodriguezek, baina «guztiz arrazoizkoa» dela defendatu zuen atzo, bere sailak legealdirako dituen asmoen berri emateko agerraldian.

Oinarrizko errentaren eztabaidak Gipuzkoako Foru Aldundiari dagozkion eskumenak gainditzen dituela onartu zuen diputatuak. Hala ere, Batzar Nagusietan proposamena aztertzeko lan talde bat sortzea ontzat jo zuen, ekimenaren «zilegitasun etikoa eta bideragarritasun teknikoa» aztertzeko.

Guztientzat, eskatu gabe

Errenta berria herritar guztiek jasoko lukete, eskatu behar izan gabe. Hala, soldatapeko lana osatuko luke, eta errenta handienak dituztenen kasuan eragina mugatuko litzateke. Antzeko ereduak —oso oinarrizkoak— Alaskan eta AEBetako zenbait hiritan daudela azaldu zuen Rodriguezek. Baliabideak lortzeko erreforma fiskal bat beharrezkoa litzatekeela aurreratu zuen, halaber.

Laguntza sortzea «beharrezkoa eta bideragarria» dela ikusiz gero, Batzar Nagusietatik proposamena beste administrazio batzuei helaraziko litzaieke. Rodriguezen aburuz, eredua berriro aztertzeko garaia da, PSE-EEk eta PPk gizarte laguntzak gogortzeko hartu duten erabakiak agerian utzi duelako egungo baldintzapeko sistema ez dela nahikoa.

Eusko Jaurlaritzak iragarri du gogortu egingo dituela gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzeko baldintzak, PPren babesarekin. Besteak beste, gutxienez hiru urtez erroldatuta egotea beharrezkoa izango da ordaina jaso baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.